euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

John Ascuaga, Idahon sortu euskal jatorriko Nevadako kasino-jabe eta enpresari ohia hil da 96 urte zituela

2021/06/29

John Ascuaga alboan emaztearen potreta, famili irudiak eta bere aita jaio zen Orozkoko baserriko irudia dituela (argazkia Joseba Etxarri)
John Ascuaga alboan emaztearen potreta, famili irudiak eta bere aita jaio zen Orozkoko baserriko irudia dituela (argazkia Joseba Etxarri)

PUBLIZITATEA

Sparks, Nevada, AEB. Albistea Sparks-eko alkate Ed Lawson-ek jakinarazi du astelehen honetan, gaur goizaldean gertatua. John Ascuaga, berrogeita hamar urtetik gora izan zen Sparks-eko enpleatzaile handiena eta enpresa handienaren jabea, bertan --Reno ondoan-- kokatutako John Ascuaga's Nugget kasino eta hotel erraldoiko jabe. Ascuagatarrek --John-ek alaba Michonne eta seme Stephen famili-negozioan sartu zituen-- 2013an saldu zuten kasinoa. John-en emaztea, Rose, euskaldunen alaba bera ere, iaz zendu zen.

Argitaratuko dugu aurrerago kronika osatuagorik, baina oroi dezagun John Ascuaga, guraso bizkaitarren seme jaio zela Idahoko Notus-en 1925ean. Nevadako kasinoen munduan  Dick Graves-en eskutik sartu zen, honentzat lanean aritu ostean 1960an kasino eta negozioak erosi zizkiola; Graves beste euskal-idahotar batekin ezkonduta zegoen, Flora Aguirre. Hura izango zen berak ondoren askoz handiagoa bilakatuko zuen kasino, hotel, arrantxo eta negozio-multzo guztiaren hastapena.

Sparks-eko John Ascuaga's Nugget kasinoak lotura zuzena izan du, Estatu Batuetako euskalgintzarekin, 1959an, Ascuaga eta Graves elkarrekin zeudela, Ascuagak kasinoa Graves-i erosi baino urtebete lehenago, bertan egin baitzen Estatu Batuetako lehenengo euskal jaialdi eta elkarretaratze modernoa, Estatu Batuetan zazpi euskal probintzietan jatorria zeukaten euskaldunak eta euren ondorengoak aurreneko aldiz festa publiko handi batean bildu zituena.

Johnek bere burua "Basque"tzat jotzen zuen, baxenabartarren alaba zen Rose Ardans-ekin ezkondu zen eta ongi gogoratzen dugu bere ikur bilakatuko zen azken kasino-dorre berria egin zuenean, obrak bere gailurrera iritsi zirenean 1996qn aurreinaugurazio festa bat egin zuela 29. solairuan, aire librean, ikurrin handi bat ekitaldiko buru. Bere aitaren sorterria gogoan, Orozko izena ipini zion eraikin hartako jatetxe nagusiari, eta bere emazteak jatorria zuen Donibane Garazi aldeko argazki eta paisaiez apaindu zuen, kanpoaldean metalezko Euskal Artzainaren Monumentu bat ezarri zuela, gaur egun Nevada-Renoko Unibertsitatean dagoena.

-John Ascuagaren heriotz-oharra

Gogoan Bego (GB) John Ascuaga.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia