euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Itxialdi sasoian irratsaio bereziak Argentinako Paranatik, Gontzal Mendibil eta Benito Lertxundi gonbidatu (entzun saioak)

2020/04/08

Presencia Vasca irratsaioa egiten duen taldea, Federico Borrás Alcain arduradun eta esatari
Presencia Vasca irratsaioa egiten duen taldea, Federico Borrás Alcain arduradun eta esatari

PUBLIZITATEA

Parana, Argentina. Hiru hamarkada bete ditu aurten Paraná-ko 'Presencia Vasca' irratsaioak eta inoiz baino ‘presentzia’ handiagoa ari da biltzen momentu honetan. Izan ere, egoera gogorrei halaxe, tinko, aurre egitea erabaki du Federico Borras Alcain saioko esatari eta arduradunak eta bururatu ere ez zaio egin saioa eteta; izan ere, saioa etxetik egiten du orain eta formatua apur bat aldatu du, egoera berrira moldatuz, "beti ere entzuleei euskal eduki interesgarrienak eskaintze aldera", adierazi dio EuskalKultura.eus-i

Ildo horri jarraiki, martxoaren 22an ‘Bagare’ abestiaren egilea den Gontzal Mendibil izan zuen gonbidatu, distantzian. Mendibil gaurko egoeraz mintzatu zen eta bera Iparragirre bilakatu zuen aldia eta Facundo Cabral argentinarra ere aipatu zituen. Saio osoa, hemen.

Joan den igandean, apirilaren 5ean, berriz, Benito Lertxundi oriotarra ekarri zuen Borrasek Argentinara. Euskal abestiaren erreferente den Benito Lertxundik bere karrerari buruz hitz egin zuen, hainbat pasadizo kontatuz, tartean euskal jatorrizko Atahualpa Yupanqui folklorista argentinarrarekin bizi izandakoak. Saio osoa, hemen.

Urtebetetze urte honetan, bertan behera utzi behar izan ditu Presencia Vascak Paranako Urrundik Euskal Elkartearekin batera iragarrita zeuzkan ospakizunak. Hala ere elkarrizketa bilduma hau osatzea ez da ospatzeko modu makala. Ea zer sorpresa eta elkarrizketa berri ekartzen digun paranatarrak datozen igandeetan. Egon adi!

'Presencia Vasca' igandero aireratzen da zuzenean, FM Universidad frekuentzian, Argentinan goizeko 11etatik 12etara, Euskal Herrian arratsaldeko 4etatik 5etara.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia