euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Itsasoko eta panpako onena, Mar del Plata hirian inauguratu den Bizigarri euskal jatetxe berrian

2014/02/21

Mar del Platako Bizigarri euskal jatetxea (argazkia Bizigarri)
Mar del Platako Bizigarri euskal jatetxea (argazkia Bizigarri)

PUBLIZITATEA

Argentinako eta Euskal Herriko kostaldeek bat egin dute berriro ere sukaldean. Izan ere, urtarrilaren 4tik aurrera euskal sukaldaritza dastatzeko leku berri bat inauguratu da Buenos Aires probintziako gune turistiko garrantzitsuena den Mar del Platan. Hondarribian trebaturik, jatetxeko jabeek arraina, arroza eta itsaski freskoak eskaintzen dituzte plater nagusi; baina haragi gorria ere badago aukeren artean. Bizigarri jatetxea asteartetik igandera dago irekita, gauez, Mar del Platako Avellaneda eta San Luis kaleen izkinan.

Mar del Plata, Argentina. ‘Bizigarria’ da ‘bizitza’ ematen duen hori; ‘bizigarria’ ere bada ‘janaria biziagotzen duena’. Kari horretara eta Hondarribiako Arrokaberri Jatetxeko sukaldean hamaika aldiz entzun zutelako jarri zioten Sebastian Camparin eta Gonzalo Ruiz gazte argentinarrek izen hori euren proiektuari.

"Hamar bat urte bizi izan gara Hondarribian, Gipuzkoan, eta bertan ikasteko aukera ederra izan genuen. Arrokaberri Jatetxean egin genuen lan eta hango egonaldia nolabaiteko ‘masterra’ bihurtu zen bertan geureganatu baikenuen sukaldaritzaren kontzeptua bere osotasunean”, azaldu diote chefek EuskalKultura.com-i.

Argentinarrak izanik, etxera bueltatzeko momentuan sutondoan lortutako eskarmentua ekartzea ezinbesteko erronka egin zaitzaien; eta erronka errealitate bilakatu zen joan den urtarrilean. “Euskal Herrian hainbeste urte eman ondoren gure jateko era aldatu egin da erabat; ondorioz, ezinezkoa egin zaigu zapore berri horiek ez ekartzea”, adierazi dute jatetxeko jabeek. “Eta hori da etxeko berezitasuna. Mar del Plata, gainera, lekurik aproposena da hau bezalako restaurant bat jartzeko. Kostaldean dago baina hemendik 20 kilometrora mendixkak eta Argentinako nekazaritza eta abeltzaintza eskualde aberatsenak daude. Proiektua gauzatzeko baldintza guztiak betetzen ziren, beraz, gauzatu egin genuen, gauzatu egin dugu”.

Mar del Platako Bizigarri Jatetxea 2014 01

[Bizigarri Jatetxean dasta daitekeen gutizietako bat (argazkia Bizigarri)]

Bizigarri Jatetxeak urtarrilaren 4ean ireki zizkien ateak Mar del Platako komunitateari eta bertara iristen diren milaka turistei eta oso harrera ona ari da izaten hirian. Euskal sukaldaritzaren oinarria duen bere kartan arrainak, arrozak eta itsaskiak nabarmentzen dira. Hala ere, haragi gorriak ere eskaintzen dira. Ordutegiari dagokionez, asteartetik igandera dago irekita janlekua, oraingoz gauez soilik. Apiriletik aurrera, ordea, eguerdian ere irekiko dute.

"Itsasoko eta lurreko fruituak dastatu nahi dituenak aukera berri bat du orain Mar del Platan, Kantauriko eta itsaso argentinarreko zaporeak nahasten dituen Bizigarri Jatetxean". Aipatzekoa da euskal etxeetako kideei prezio bereziak egingo dizkietela %25ko deskontua, eskuragarritasunaren arabera- eta erreserbak aldez aurretik egin behar direla, 0223 579-5351 telefonora edo lokalean bertan, Mar del Platako Avellaneda eta San Luis kaleen izkinan. Bizigarri Facebooken ere badago, Restaurante Bizigarri izenpean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia