euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

“Istilart-en urratsen atzetik” izeneko ibilaldi turistikoa egingo dute bihar Tres Arroyosen

2014/10/31

 “Istilart-en urratsen atzetik” delako proiektuaren afixa
“Istilart-en urratsen atzetik” delako proiektuaren afixa

PUBLIZITATEA

Ibilbideak datorren urtean argitaratuko den izen bereko liburuaren sarrera dira. Testuak, Euskal Herritik Argentina joan zen Juan Bautista Istilart-ekin lotura duten Tres Arroyos hiriko hainbat eraikuntza eta erakunde deskribatuko dira, nazioarteko mailan ezaguna izan zen Istilart lantegiaren fundatzailearen historia ezagutarazteko. Huracan Klubeko auzoko bisitaldia bihar izango da, azaroaren 1ean, goizeko 10etan. Parte hartzea doan da, kuporik gabe.

Tres Arroyos, Argentina. “Istilart-en urratsen atzetik” delako proiektuak bi ibilbide ditu, bi zirkuitu turistiko sortzeko helburu. Bietan, Juan Bautista Istilart-en bizitza eta lanarekin harremana duten auzoetan ibiliko dira bisitariak, izen handiko gizon honekin lotura izan zuten kale eta eraikuntzak ezagutuz.

Proiektuaren arduraduna eta turismo teknikari den Juan Jose Moizzi-ren esanetan, “Lehenengo ateraldia urriaren 18an egin genuen eta Sarmiento Liburutegiko auzotik hasi ginen bertan baitaude Istilart babesle izan zuten hainbat erakunde, tartean, Banco Comercial, Sociedad Filantrópica Francesa eta La Previsión aseguru-etxe ohia. Hamar bat lagun bildu ginen, oso kopuru egokia publikoaren galderak erantzun ahal izateko. Jendeak interes handia erakutsi zuen batez ere egunero ibiltzen baitira bertan lekuen historia ezagutu gabe”, adierazi dio Moizzi-k a EuskalKultura.com-i.

“Bigarren ibilbideri dagokionez, larunbat honetan izango da, goizeko 10etatik aurrera. Oraingo paseo honetan asmoa da Istilart-en bizitzan sakontzea; hori dela eta Huracan Klubeko auzoan hasiko gara bertan zegoen-eta bere etxea. Istilart-ek utzitako ondare nagusia den bere lantegian bukatuko da bisitaldia”, jakinarazi digu proposamenaren bultzatzaileak.

Ibilbide turistiko hauen proiektua burutzeko asmoarekin, liburu bat ere idatziko du Juan Jose Moizzi teknikariak. “Istilart-en urratsen atzetik” liburua datorren urtearen erdialdean egongo da prest, eta Tres Arroyosko Hiru Erreka euskal etxean eta Udaleko Turismo Zuzendaritzan jarriko da eskuragai.

Gogora dezagun Makean (Lapurdin) jaio zen Juan Bautista Istilart, 10 urterekin heldu zela Argentinara eta Dolores herrian urte batzuk pasa eta gero Tres Arroyosen kokatu zela 1934an hil arte. Bertan puntako industria baten oinarriak jarri zituen, Istilart lantegia sortuz. Lantegi honek nazioarteko arrakasta handia izan zuen bere gidaritzapean eta XX. mendean ibilbide bikaina izan zuen, krisi batzuk gainditu eta gero. Gaur egun Argentina mailan ezaguna izaten dirau.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia