Bata Euskal Herrian jaioa eta ondoren argentinaratua, bestea Argentinan jaio, eta Gernikara etorria, haurra zela bonbardaketaren lekuko izateko eta ondoren Argentinara itzulia, emigrazioaren fenomenoa eta Argentinako Euskal Herriaren egia barne-barnetik ezagutzen dute Félix Isidro Legarretak eta Roberto Luis Lejarretak. Biekin izandako elkarrizketak sarean ipini zituen iaz Buenos Aires probintzia erdialdeko UNICEN unibertsitateak bere webgunean. Diasporako beste bi lekukotasun.
Buenos Aires, Argentina. Tandil aldean finkatu zen Isidro Legarreta hernaniarra Euskal Herritik Hegoaldeko gerraostean argentinaratu zenean, Francopeko soldaduskatik eta oro har hango jazarpen politikotik ihesean. 21 urterekin desertatu, preso egon zen eta, dioenez, hiru urte Frantzian eman ondoren deliberatu zuen Argentinara bidaiatzea, bertan aurretik zegoen ahaide batek deiturik. Elkarrizketa eta bere istorioa hemen topa daiteke.
Roberto Luis Lejarretak, berriz, bere aita eta osabak Ipar Ameriketara urte batzuetan artzain gisa lan egiteko egin zuten bidaiarekin hasten du bere kontaketa. Bere aita, beraz, Estatu Batuetan ariru zen artzain, ondoren Euskal Herrira itzuli eta handik Argentinara emigratzeko. Izan ere Roberto Luis Lejarreta Argentinan jaiotakoa da, euskal familia batean, aita eta ama euskaldun. Bere kasuan, berriz, Argentinatik Euskal Herrira pasatu zen, bere ama ez baitzen sobera egokitzen Argentinara. Gernikan, bonbardaketako lekuko ere izango zen. Gero, 1947an itzuli zen Argentinara. Bere istorioa, hemen.