Boise, Idaho, AEB. Aurrera egiten badu —eta aukerak ez dira batere gutxi— kolpea izango da dudarik gabe euskal-estatubatuar komunitatearentzat, eta orain arte gauzak ezagutu izan ditugun moldearen kontra, esaterako Boiseko Jaialdi festa erraldoian. Sinbolikoki baino ez bazen ere, ikurriña Idahoko Kapitolioan ikustea "Euskal Amerika"ren edo "Euskal Estatu Batuen" ikurra zen, euskal emigrante askok Idahora etortzean eta hemen finkatzean eurak eta euren ondorengoek lortutako euskal-estatubatuar integrazio estatus baten adierazgarri; ikurrina Francoren diktadurapeko Euskal Herrian atera ezin zenean, hemen aireratu zitekeen, eta geroago, Kapitolioa bezalako edifizio publiko esanguratsuetan euskal-amerikar errealitate horren itzulpen plastikotzat ikus zitekeen. Hori desagertu egingo da, Idahoko lege proposamen batek debekatu nahi baitu, aurretik LGTBI banderak eta beste ikur batzuk desagertarazi nahi izan dituzten bezala. EHan, Nafarroako banderen legearekin gertatutakoarekin analogia egin dute batzuk. Orain arte ikurriña salbuespen zen. Gauza da, lehenengo galbahea pasatu duela, Idahoko Estatuko Gaien Batzordekoa, Idahoko Ordezkarien Ganberan, eta orain Ganberak bere osotasunean beharko duela bozkatu.
Esandakoak zuzenduz, baina proiektuari eutsiz
Oso azkar joan da. Duela egun batzuk Boise bertako Diana Lachiondo euskal komunitateko kide eta militante demokrata ezagunak ohartarazi zuenean sare sozialetan, batzuk harriduraz edo ezin sinetsian irakurri zuten, ez, ez da honela izango, saihestuko da, pentsatuz. Baina gauza da aurrera ari dela. Soilik euskal komunitateak eta enparauek eta euskal ahaleginek garaiz erreakzionatzen badute izango da posible gelditzea. Ted Hill hautetsiak proiektua aurkeztu zuenean (ikus beheko lehenengo bideoan), zenbait datu oker eta faltsu ere sartu zituen, argi utziz bere ezjakintasuna eta "belarriz" ari zela, ETA nahasiz, Palestinako bandera bezala dela esanez, ez-egokia dela eta ez-ofiziala Espainian bertan ere. Horiek zuzendu egin ditu bigarren aldian (ikus bigarren bideoa), baina aurrera dihardu proposamenarekin, AEBko "batasuna"ren izenean, barra eta izarrak omen baitira hiritar guztien biltzaile bakarra. Gogoratu orain arte aukera berezietan bakarrik ipintzen zela ikurriña Kapitolioan —Jaialdi kasu, lehendakaria bisitari— baina jabego publikoa aipatzen denez, debekuak leku gehiago ere hartuko lituzke. 38 urteko karrera militarraren ostean, Idahora erretiratu den sortzez idahotarra ez den hautetsia da Edward H. "Ted" Hill errepublikarra.
Bideoak
Hona bideoak. Lehena, Hill Ordezkari-Ganberako hautetsiaren hasierako saioko hitzaldikoa da. eta bigarrenak Hill Bera hizlari baitaratzen du eta euskal komunitateko Gloria Totoricaguenaren lekukotasuna, kontra. Gai hau Estatuko hiri eta herrien esku geratzea eskatzen dute, ikurriña legepe horretatik ateratzeko, orain arte bezala segi dezan (irudiak Diana Lachiondok pasatuak sare sozialetan).
Hill hautetsiak bere proposamena aurkezten du
Ted Hill hautetsia mintzo, 10 ' 45"etan; Gloria Totoricaguena, 13' 50"

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



