José C. Paz, Argentina. Hiru hamarkadez Buenos Aires Handiko ipar-mendebaldea eta Euskal Herria uztartu ondoren, José C. Pazko Toki Eder Euskal Etxeak bere 30 urteak ospatu zituen joan den igandean, ekainaren 14an. 120 bat lagun bildu ziren bazkari jendetsu eta animatu batean. Paella klasikoa dastatzeaz gain, zozketak egin ziren eta euskal etxeko dantza taldeko txikiek ikuskizun ederra eskaini zuten, euren Jauzi, Makil dantza eta Txapeloaz-ekin bertaratutakoak gozaraziz. Jopo Galfredo hirukotearen zuzeneko musikaren eskutik etorri ziren tango eta folklore doinuek ere festa girotu zuten, eta topa tradizionalak nahiz urteurreneko tarta handiak eman zioten amaiera arratsalde gogoangarriari.
Urruti egon arren, elkarteko alma mater María Ángeles Oñederrak, gaur egun Euskal Herrian bizi denak, bere mezua helarazi nahi izan zuen. Jose C. Pazeko Kultura idazkari eta euskal etxeko ohorezko bazkide den Carlos Narvaezek irakurri zituen haren hitz hunkigarriak. Oñederrak elkartearen hastapenak ekarri zituen gogora, sortze-garai haietako kezkak zein mugarri nagusiak aipatuz eta elkartearen etengabeko hazkundea azpimarratuz. Aipamen berezia egin zion 2000. urteaz geroztik Hermansoloña gobernuz kanpoko erakundearekin batera egiten duten elkartasun-lanari. Izan ere, Oñati herriarekiko senidetzeari esker, nazioarteko lankidetzarako zubia eta José C. Pazeko gizarte-laguntzarako funtsezko ardatza bilakatu da ekimen hori. Esker bereziak eman zizkien baita ere Toki Ederren bidean lagun izan diren herriko erakundeei eta euskal etxeei.
Toki Ederreko saloiak 120 gonbidatu hartu zituen, tartean Carlos Miguelena, Kika Vicente eta Carlos Narváez
Ospakizun instituzionalak eta esker-emateak izan ziren ekitaldiaren erdigune. FEVAko lehendakari Carlos Miguelenak plaka oroigarri bat eman zion Toki Ederreko lehendakari Ezequiel Ugartemendiari, eta antzeko keinua egin zuen Kika Vicentek ere, General Rodríguezeko Eusko Aterpea euskal etxearen izenean. Era berean, etxeko lagunek euren lana eskertu zieten euren erreferenteei, hala nola Jennifer Cabezas dantza taldeko zuzendariari eta Darío Rodríguez euskara irakasleari, bertako gizarte eta erlijio erakundeen babesa eskertzearekin batera.
Dantzariek ikuskizun bikaina eskaini zuten, Jennifer Cabezas omendua zuzendari. Bizkaitarren Tertzio birsortuko ordezkariak agurra helarazi zion Toki Ederri, eta Dario Rodriguez irakasleak bere esker-on saria jaso zuen
Toki Ederrek herrian duen errotze sakona argi geratu zen parte hartu zuten gonbidatuen zerrenda luzea ikusita. Bertan izan ziren, besteak beste, Damián Nannini San Miguelgo apezpikua, Laura de León tokiko Gizarte Ekintzako zuzendaria, eta besteak beste Suhiltzaileen, Fatimako Ama Birjina Zirkulu Portugaldarraren, Rotary Clubaren, Nueva Imagen Fundazioaren, Rayito de Luz jantokiaren zein Vizcaínos del Río de la Plata talde birsortzaile historikoaren ordezkariak. Buenos Aires probintziako euskal munduari dagokionez, jaian lagun izan zituzten FEVAko idazkari Miren Arozarena, Euskaltzaleak-eko Virginia Goicoechea, San Miguelgo Askatasunaren Bidea-ko Martín Colombet eta Pergaminoko Lagun Onak-eko Ethel Arregui.
Zorionak, Toki Eder!

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


