Pazko Uhartea, Txile. Bozkarioz hartu dute, 'Hilario Olazaran' euskal kultur talde txiletarreko kideek zein Rapa Nui Musika eta Arte Eskolako lagunek, musika tresnak medio Euskal Herriaren eta Rapa Nui herrien artean sortutako lotura. “Lehen aldia da euskal musika tresnak Rapa Nui Eskolan ikasi eta jo ahal izango direla eta gure ustez gure bi herrien arteko adiskidetasunaren keinua da; aspaldi errotutako herriak dira biak eta horrek lotu egiten gaitu”, azaldu du ‘Hilario Olazaran’ taldeko erreferente Ángel Espinoza Cáceres-ek. Dohaintzarekin batera txistua eta danbolina jotzeko bi klase ere jasoko dituzte Eskolako haize tresnen ikasleek, on line, Ángel Espinozak berak emanak.
Rapa Nui Musika eta Arte Eskola Toki Rapa Nui izeneko Gobernuz Kanpoko Erakundeko parte da. GKEa 2012an sortu zuten Pazifiko itsasoan eta Txileko kostatik 3.700 kilometrora dagoen uharteko kultura eta ingurumena babesteko helburu nagusiarekin. Gaur egun Eskolak 80 ikasle inguru ditu, bi esparrutan trebatzen direnak, klasikoa eta antzinakoa. Programako ikasgaietako batzuk Rapa Nui hizkuntzan ematen dira.
‘Hilario Olazaran’
Euskal musika, bereziki txisrua, eta dantza landu eta ezagutarazteko helburuarekin jaio zen 'Hilario Olazaran' elkarte txiletarra. Elkarteak pmenaldia egiten dio bere izenarekin Hilario Olazaran musikari nafarrari (Lizarra, 1894 - Iruñea, 1973). Olazaran apaiza izen handiko konpositore, txistulari eta danbor-jotzailea izan zen. Angel Espinoza Cáceres buru, talde txiletarra euskal musika tradizionalaren erreferente da gizatalden alorreko ekitaldietan zein folklore txiletarreko jaialdietan.
- 'Hilario Olazaran' kultur taldea Facebook-en: Hilario Olazaran Txile