euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hilario Olazaran taldeko txistulari txiletarrak jo eta su ibili dira San Inazio, Folklore Eguna eta Ertaroko Festa ospatzen

2016/09/13

Eguzkiaren Ertaroko Festan parte hartu zuten lagunak (argazkia Hilario Olazaran)
Eguzkiaren Ertaroko Festan parte hartu zuten lagunak (argazkia Hilario Olazaran)

PUBLIZITATEA

Azken hilabeteotan gelditu gabe ibili dira Txileko Hilario Olazaran euskal dantza eta musika taldeko kideak, hego hemisferioko negua berotzen hainbat ekitalditan. Uztailean, esaterako, San Inazio Egunaren karira Santiagoko kaletara atera ziren, eta abuztuaren 20an Nazioarteko Folklore Egunarekin bat egin zuten. Iragan irailaren 3an, berriz, Santiagoko Eguzkiaren Ertaroko Festan parte hartu zuten, euskal mitologiaren erakustaldi arrakastatsu batekin.

Santiago, Txile. Hego Hemisferioko negua oso aktiboa izan da Hilario Olazaran euskal dantza eta musika elkartearentzat, eta hainbat jardueratan parte hartu dute bazkideek. Uztailaren 31n, esaterako, San Inazio Eguna ospatu zuten, Santiagoko San Inazio elizan, hain zuzen ere. Musikariek meza elizkizunean parte hartu zuten, abesbatz haitiar batekin batera. Ondoren, kalera atera ziren eta biribilketa, dantza eta kantu erakustaldia egin zuten, ikusleen parte hartzearekin. Esan gainera, elkarteak koru haitiarrarekin elkarlanean hasteko asmoa agertu zuela. 

Abuztuaren 20an, aldiz, elkarteak Folklorearen Nazioarteko Eguneko festarekin bat egin zuen, Antumapu ballet txiletarrarekin batera. Hilario Olazaran taldea Euskal Herriaren ordezkari izan zen elkitaldi honetan, hirugarren urtez. Aurten ere taldeak ikurriña atera zuen hiriko kaleetara eta San Borja Parkean egin zen erakustaldian parte hartu zuen, beste zenbait herrialdetako ordezkariekin batera. Horrez gain, elkarteko ordezkari batek Txileko Unibertsitateko Irratiko “Chile, su tierra y su gente” saioan parte hartu zuen, Euskal Herriari buruz hitz eginez. 

Amaitzeko, iragan irailaren 3an, elkarteak Eguzkiaren Ertaroko Festan parte hartu zuen, Santiagon. Bazkideek euskal kantu, dantza, txalaparta eta alboka erakustaldia eskaini zuten, eta, aurten aurrenekoz, euskal mitologia eta folklorearen bi pertsonai ere ekarri zituzten festara: Sorgin bat eta Momotxorroa. "Emanaldia zinez zirraragarria izan zen, txalaparta eta albokaren doinuak entzunez azken eguzki izpiekin batera", azaldu dio EuskalKultura.com-i elkarteko presidente Angel Espinozak. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia