euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hamabi gizatalde, tartean EHkoa, azaroaren 21ean, oraindik pandemiak baldintzatuta egingo den ‘Buenos Aires Celebran'

2021/11/11

2015eko Buenos Airesek Euskal Herria ospagai, artxiboko irudia (argazkia EuskalKultura.eus)
2015eko Buenos Airesek Euskal Herria ospagai, artxiboko irudia (argazkia EuskalKultura.eus)

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Apurka-apurka ari dira euren ohiturak berreskuratzen Buenos Airesko kultur erakundeak. Eta osatzen ari den pandemiaren osteko egutegian gizataldeek finkatu dute dagoeneko Mayo Etorbideko euren hitzordu tradizionala. Baina kasu, aurtengo ‘Buenos Aires Celebra’ jaialdia ezberdina izango da. Osasun egoera oraindik erabat normala ez denez, xumeagoak izango dira ekitaldiak eta ez gizataldeka, ospakizun igande bakoitzean dozena bat gizatalde bilduko baitira.

Euskal gizataldeari dagokionez, azaroaren 21ean izango da ‘Buenos Aires celebra’rko protagonista, baina ez bakarra, Ekuador, Mexiko, Japonia, Venezuela, El Salvador, Bolivia, Errusia, Kuba, Haiti, Dominikar Errepublika eta Guatemalako kolektibitateekin batera arituko baita. Bakoitzak, gainera, stand gutxi eta partaidetza mugatua izango du, agertokian taularatuko diren dantza eta musika ikuskizunetan 10 lagunek baino ezin izango baitute parte hartu eta standen artean geratuko den lekuan, ezin izango baita ezer jarri, hutsik geratu beharko dutelako “protokoloarekin bat egiteko”.

Euskal partaidetza

Buenos Airesko jaialdiko euskal erreferente den Laurak Bat Euskal Etxetik jakinarazi zaio EuskalKultura.eus-i, pozik hartu dutela hiriak luzatutako gonbitea baina murrizketak ikusita, “ez dela betiko jaia izango”. “Onartu genuen uste dugulako beharrezkoa dela berriro elkartzea eta gizataldearen lana zabaltzea. Baina zoritxarrez, jarri dizkiguten baldintzekin bakarrik Buenos Aires hiriburuko euskal erakundeak gonbidatu ahal izan ditugu".

Ezohiko egoera honetan soilik Laurak Bat-ek eta Euskaltzaleak-ek hartuko dute sukaldaritza txokoen ardura. Bi euskal etxe hauetako dantzariek dantza bana eskainiko dute eta, antolatzaileek tratua ixten bada, dantzen aurretik danborrada txikia ere aurkeztuko dute hiriburutarrek. Buenos Aireseko gainerako euskal erakundeak, Euskal Echea ikastetxea, Iparraldeko Euskal Etxea, Eusketxe, FEVA eta Euskadiren Ordezkaritza gonbidatuta egongo dira euskal gizataldearen standean. Sukaldari ekimen komertzial batzuk ere egongo dira, tartean, Burzako Jatetxea.

“Garrantzitsua oso da azpimarratzea hau ez dela izango ezagutu izan dugun ‘Buenos Aires Celebra al País Vasco’ jaialdia, ‘Buenos Aires Celebra’” baizik, azpimarratu du Arantxa Goikoa Laurak Bat-eko lehendakariordeak. “Berriro lkartzeko aukera eman digute, baina baldintza berezi mugatuetan, osasun egoera oraindik ere oso kontuan hartu behar dugulako. Baikorrak gara hala ere eta ziur gaude datorren urtean 'gure ohiko jaia' egin ahal izango dugula, Argentina osoko euskal gizataldearen nortasunaren erakuslehio den‘Buenos Aires Celebra al País Vasco’ jaialdi handia”, adierazi digu, itxaropentsu, Goicoak.

Jaia azaroaren 21an, igandea, eguerdiko 12etatik arratsaldeko 6etara egingo da, Mayo Etorbidean eta Bolivar kalean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia