euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gernikako Plaza eta Arbola izan ziren Montevideon bonbardaketaren 73. urteurreneko ekitaldien testuinguru

2010/05/10

PUBLIZITATEA

Urtero bezala, Montevideon euskaldunek ez diote hutsegin Gernikako bonbardaketaren urteurrenari eta Haize Hegoa Euskal Etxeak eginiko deialdiari erantzunez elkarte honetako buruzagi, dantzari, bazkide eta lagunak hiriburu uruguaitarreko Gernika Plazan duela 66 urte bertan erroturik hazten ari den Gernikako Haritzaren inguruan bildu ziren sarraskiaren 73. urteurrena gogoratu eta Franco generalaren zerbitzura ziharduten hegazkin naziek eragindako triskantzan hildakoak oroituz euskaldunen segidaren lekukotasuna eskaintzeko eta euskal-uruguaitar gisa Diasporatik ere geroa egunero eraikitzen ari den herri bateko partaide agertzeko. Bildutakoek tarte bat hartu zuten duela gutxi Montevideon hil den Jorge Arin Ayphassorho euskal gizataldeko kidea gogora ekartzeko.

Montevideo, Uruguai. Haize Hegoa Euskal Etxeak egindako deialdiari erantzunez, elkarte horretako buruzagi, dantzari, bazkide eta lagunak bildu ziren joan den maiatzaren 2an, igandez, data horretarako pasatu baitzen aste horretako astelehenean, apirilaren 26an, Gernikako bonbardaketaren 73. urteurrena zela-eta antolatutako ekitaldia. Urtero bezala urteurrena heltzen denean, Montevideoko parajerik ederrenetakoa den honetan euskal gizataldeko buruzagiek hitzak zuzendu zizkieten bildutakoei, Gernika suntsitu zeneko aldia gogoan atxikiz, euskaldunen, euren kultura, hizkuntza, naziotasuna eta izaera beraren geroa aldarrikatzeko.

Enrique Poittevin-ek egindako berbetan, birizagi euskal-uruguaitarrak azpimarratu zuen "73 ez dir(el)a aski izan hain basakeria handia ezabatzeko. Oraindik zigorrik gabe segitzen duen basakeria, arduradunek eta euren jarraitzaileek isiltasunean ezkutatuta segitzen dutelako. 1937ko Apirilaren 26 hartan Euskal Herriak historian egin zaizkion zangotrabetako bat jasan zuen".

Poittevinen esanetan, "helburua, bere defendatzaileen, gudarien, animoa kolpatzea izan zen; gerla mota berri bat saiatzearekin batera. Zangotraba itsusia, baldarra, handia eta Francok bere altxamenduarekin aldarrikatzen zuen Jainkoarengandik urrun zegoena. Hala ere, euskaldunok atxiki genuen izaten segitzeko asmoa, segitu genuen biltzen gaituen Nazioko parte izaten segitzeko asmoarekin, zangotrabekin ukatu nahi ziguten Aberria izateko xedeari eutsi genion..."

Ekitaldia ohorezko aurresku batek itxi zuen, lore-eskaintza eginez eta Agur Jaunak eta Gernikako Arbola kantatuz.

Elkarretaratzeko tarte bat duela gutxi Montevideon hil den Jorge Arin Ayphassorho euskal-uruguaitar gizataldeko kide nabariaren galera aipatzeko baliatu zen. "Gauzatu izan ditugun kultur adierazpenetako askotan partaide, sostengatzaile eta lagun izan genuen. Beti errespetatu izan genuen elkar, batzuetan geure jarrerak bat ez bazetozen ere. Baina ukaezina da ororen gainetik helburu berarekin egin genuela lan, esan nahi baita euskal kultura ikertu, defendatu eta hedatzea. Bere familia eta lagunei bihoakie elkartasunezko besarkada. Goian bego", amaitu zuen Enrique Poittevin-ek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia