euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaur zin egin eta jabetuko da karguaz Idahon Tracy Basterrechea, Meridian-eko Polizia Departamentuko buru berria

2021/01/26

Tracy Basterrechea
Tracy Basterrechea

PUBLIZITATEA

Meridian, AEB. Gauzak aurreratu bezala ateratzen badira, gaur astearte arratsaldean --Euskal Herrian asteazken goizaldea dela-- Simison Meridian-eko alkateak Basterrechearen izena proposatu, Udalbatzak bozkatu eta ondotik zin egingo du Meridianeko Polizia Departamentuko buru bezala Tracy Basterrecheak, 2009tik bertako buruorde eta azken asteetan jarduneko poliziaburu izen denak, orain arteko buru Jeff Lavey-k kargua utzi ostean Idahoko Sheriffen Elkarteko zuzendari exekutiboa bilakatzeko. Bere euskal jatorria sakon bizi duen idahotarra, Basterrechea BSU unibertsitatean graduatu zen eta 24 urte eman ditu Meridianeko Polizia Departamentuan.

"Euskal jatorriko amerikarra naiz", aurkeztu du bere burua Basterrecheak, EuskalKultura.eus-ekin hizketan. "Aita, Luis Basterrechea, Arbatzegi-Gerrikaitzetik (Munitibar, Bizkaia) etorri zen Estatu Batuetara 1952ean, artzain izateko. Gooding herrian haziak gara bi anaia Jeff eta Rick eta hirurok, eta euskaltasuna beti egon da bizirik geure familia eta inguruan. Euskal jaialdietan, aitak zilindro biribila altxatzen zuen. Orain, 17 urte dituen nire seme Antoniorekin batera txingetan ibili ohi naiz eta, esaterako, Euskal Herritik etorritako kirolariei lagundu izan diet Boiseko Jaialdin parte hartu izan dutenean", esan digu.

Bere lanarekin zinez engaiatua, Basterrechea gerriko beltza da brasildar jiu-jitsun eta kodokan judon, eta aditua poliziaren indarraren erabileraren kontrolean, gai honi buruz ikastaroak ematen polizia indarrei. Gogor kritikari zuen iaz George Floyd herritar beltzaren heriotza ekarri zuten polizien jokabidea, poliziaren jokabidea ordezkatzen ez zutela esanez, eta urtarril honetan Kapitolioan agitutako gertaeren aurrean, sare sozialetan idatzi zuen kezkagarriena hura defenditzen zuen jendea zela, eta baita ere hura kondenatu eta aldi berean hainbat hirietan iazko urte hasieran gertatutako eraso eta sakeoak defendatzen zutenak. Muturreko jarrerak uxatzeko eta ikuspuntu desberdinak dauzkaten lagunak mantentzeko aldarria egin eta idatzi izan du, "guztiok gara auzoak, lagunak eta familia eta halakotzat jokatzen hasi beharko genuke". "Amerika gara eta munduari erakutsi behar diogu zergatik garen munduaren itsasargia" baitetsiz.

Aitari eskertzen dio lan gogorraren, dedikazioaren, Jainkoarekiko fedearen eta leialtasunaren garrantzia irakatsi izana. Berea duen euskaltasunaren adierazgarri, etxean dauzkan euskal sinbolo eta banderak, eta famili eta jai giroko euskal ekitaldietan parte hartzeaz gain, baita jarrera konprometituagoa ere, esaterako Idahoko estatu-idazkari izan zen Pete Cenarrusak Euskal Herrian Bakea lortzearen alde Idahoko Senatuan pasarazi zuen Memorialean Legealdiaren aurrean lekuko gisa agertu eta haren alde aktiboki lan egitea.

Gustukoa du Euskadi bisitatzea eta familia dauka Gernika eta Munitibarren.

-Basterrechea hautatzeko eta zin egiteko saioa zuzenean segi dezakezu gaur hemendik (Idahoko 18:00etan, asteartea; EHan asteazken goizaldeko 2:00ak direla)
-Basterrechearen hitzaldia, bere lerro nagusiak aurkeztuz, zuzenean urtarrilaren 28an, hemendik segi (Idahoko 18:00etan, astegunean; EHan ostiral goizaldeko 2:00ak direla)
-The quick fix, by Tracy Basterrechea



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia