euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gabriel Ceballos, DFn irakasle: 'Euskara klaseak Euskal Herria eta Mexikoren arteko zubia izatea nahi dugu'

2007/03/09

Gabriel Ceballos --ezkerretik lehena-- eta bere ikasleak kurtso bukaerako jaian (argazkia Ceballos)
Gabriel Ceballos --ezkerretik lehena-- eta bere ikasleak kurtso bukaerako jaian (argazkia Ceballos)

PUBLIZITATEA

Gabriel Ceballos gazte mexikarra Euskal Etxeko euskara irakaslea izan da azken bi urteotan, 12 ikaslek osaturiko talde 'txiki baina egonkor' batekin. Ceballos bera, ahaleginarekin ikasi eta gozatu daitekeenaren froga bizia da: Mexikon euskara ikasi eta Euskal Herrian eginiko egonaldi bakarrean hobetu zuen. 'Mexikarrentzat euskara ikastea oso erakargarria da, Euskal Herriak eragin handia izan duelako gure historian eta gure kulturan. Nire ustez euskararen bidez Euskal Etxeak Mexiko eta Euskal Herriaren arteko zubi garrantzitsua eraiki dezake', esaten digu.

'Gure ikasleek profil desberdinak dituzte: matematikariak, Zientzia Politikoetan doktoreak, ingeniariak, informatikoak... Arlo desberdinetako jendeak osatzen du taldea eta horrek klaseak asko aberasten ditu. Egian esan ederki pasatzen dugu klasean', dio Gabriel Ceballosek. Duela bi urte hartu zituen klaseak bere gidaritzapean, eta egun 12 ikaslek osaturiko taldea dauka. Ikasleek eskoletan parte hartzeko arrazoi desberdin bi aipatzen ditu irakasleak: 'Alde batetik Mexikora Euskal Herritik etorritako euskaldunak daude, aspaldi edo duela urte batzudanik hemen bizi direnak, edo lana edo beste konturen batengatik duela gutxi heldu direnak. Bigarren talde batean euskararengan interesa daukaten mexikarrak daude, batzuk euskal jatorrikoak eta beste batzuk Euskal Herria musika, kultura edo maitasunaren bidez ezagutu dutenak'.

Klaseak oinarrizko maila dauka eta metodologia Bakarka eta Boga metodoetan oinarritzen da. HABEk hornituriko argitalpen eta beste ikasketa materiala ere erabiltzen dute, eta Boga sistema. 'Zailena praktika da', onartzen du Ceballosek. 'Gure euskal etxean ez dago euskaldun zahar askorik eta bestalde, gramatikarik gabe oso zaila da euskara hitz egitea. Oraintxe bertan gure klaseak oinarri gramatiko ona dauka eta entzumena landu eta mintza praktikak egiteko audio eta bideo materiala erabiltzen dugu'.

Kulturen arteko zubi

Gramatika ondo landu, bai, baina klaseetan beti dago denbora beste aktibitate jostagarriagorik egiteko. 'Batzuetan botea jartzen dugu denon artean eta ardo botila bat eta pintxo batzuk erosten ditugu, klasea girotzeko', azaltzen du Ceballosek. Ikasleek euskal kulturarekiko duten interesa beste aktibitate batzuetara ere eramaten dute, ikasle batek gidatutako euskal musikari buruzko online irratsaioa, adibidez. 'Entzulego mexikarrari euskal musika ezagutzera ematea zen ikaslearen asmoa'.

Kultura euskaldun eta mexikarraren arteko zubi lan hau egitea da hain zuzen ere, Ceballosek bere klaseekin bete nahi duena. 'Euskara ikastea oso erakargarria da mexikarrentzat, Euskal Herriak gure historia eta kulturan izan duen eraginarengatik. Euskara ikasteak gure herriaren zati bat hobeto ulertzen laguntzen digu. Horregatik uste dut Euskal Etxeak bi herrian arteko lotura bihurtzeko aukera galanta duela. Euskararen bidez euskal kultura ezagutzera eman daiteke Mexikon eta horrela beste arloetako ekimenak --negozioak, turismoa, hezkuntza, kultura...-- bultzatu'.

Lotura interesgarriak

Mexikoko Euskal Etxearen webgunea
www.centrovascomexico.com

Vascosmexico zerrenda eta foroa
www.vascosmexico.com

Euskal Etxeak Txistu Kontzertu batekin ospatuko du Mendeurrena
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007aren otsailaren 23an

Euskal Etxeak eta HABEk lankidetza akordioa berritu Mexikon
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko otsailaren 22an



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia