euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ezkondu zirela 60 urte bete eta familia eta lagunekin ospatu dute San Frantziskon JB eta Graziana Uhaldek

2009/06/24

Jean Baptiste eta Graziana Uhalde San Frantziskoko Euskal Etxean familiaz inguraturik (Herria argazkia)
Jean Baptiste eta Graziana Uhalde San Frantziskoko Euskal Etxean familiaz inguraturik (Herria argazkia)

PUBLIZITATEA

Ospatu berria du San Frantziskon (AEB), bertako 'Basque Cultural Center' delako euskal etxean, bere 60. ezkontz urtebetetzea Graziana eta Jean-Baptist Uhalde bikote ezterenzubiarrak. Aspaldi Estatu Batuetara etorririk, familia euskal-amerikar handia hazi dute, eta euskaldun atxiki. Familia osoaren bozkario, besta ederra egin dute familiakoak eta lagunak bildurik, atsegina eta maitasuna nabari zen giro arras abegikorrak lagundurik. Honen guztiaren lekuko izan zen Mattin Etchamendy ezterenzubiarra, hau ere euskaldun amerikanoa, eta honela kontatzen zigun joan den asteko Herria astekarian, ohiko baxenabartar euskaran.

Martin Etchamendy/San Frantzisko, AEB. Iduriz 60 urte ainitz da, eta bizkitartean “zein laster iragan diren!” Hori oroitarazi dauku Graziana Uhaldek bere ezkontzaren 60. urtemugakari egin daukun mintzaldi pollitean. Maiatzaren 23an, San Frantziskoko Euskal Etxean ospatu dute Jean Baptiste eta Graziana Uhaldek beren 60. urtemuga Ezterenzubiko herri airos eta pollitean ezkondu zirela. Kari hortara elgarretaratu gira ahaide eta adiskide andana bat oroimenezko egun eder hortan parte hartzeko.

Mahain eder batzuren inguruan giro goxo batean egon gira. Afal ondoan Grazianak mintzaldi pollit batean pertsu zenbaitez lagundurik, urteetan iragan diren gertakari ainitz ekarri dauzkigu oroimenera, denek plazerrekin eta berdin nostalgia poxi batekin aditu ditugunak. Jean Baptiste eta Graziana ezkondu-eta Garazi aldean hasi ziren bizitzen, bainan denbora hartako ekonomia Euskal Herrian ez baitzen espantu egitekoa, deliberatu zuten Ameriketara juaitea, geroko bizitza hobe baten esperantzak eta aments eder zenbaitek hartara ekarririk.

Bihotzeko anderearekin, deuseren beldurrik ez!

Kaliforniara etorri-eta lehenbiziko urteak ez ditaizke segurrenik errexak izan, herrialde berri batean hizkuntza ezin mintza, familia ere heldu eta holako... Bainan Jean Baptistek erraiten zuena gero hau zen : “Neure bihotzeko andere gaztearekin Kaliforniarat heldu nintzalarik, ez ninduen lanak lotsatzen, banakien lanean ariz geroz zerbaitetarat helduko nintzala Kalifornian, ez nuen deuseren beldurrik!” Eta dudarik gabe nunbait zerbait untsa juan izan da.

Jean Baptiste eta Graziana gaur beren lau haurrek eta heien haurrek ekartzen dakoten familiako maitasunaz goxatzen bizi dira. Beren bi alaba eta bi semek zortzi ilobatxo ekarri daizkote, noiz nahi aitatxi eta amatxiren agurtzerat etortzen direnak.

Haurren haurrek etxea dute alegeratzen!

Grazianak irri batekin erran daukuna: “Haurren haurrek gaur gure etxea ardura dute alegeratzen!” Denentzat atsegingarri da holako familia eder baten ikustea, denak San Frantzisko inguru hoitan bizi dira eta elgarri biziki atxikiak. Holako familiako batasun sendo batek, gazte eta adinetako, guziak osagarrian laguntzen dituela iduritzen zait. Gorago aipatu dugun bizitza hobe baten aments ederrak gaur uzta nasaiak emaiten dituela ageri da.

Ohore zueri aitatxi eta amatxi eta esker mila zuen besta ederrerat gomitaturik. Jean Baptiste eta Graziana ezkondu ziren egunean, eztei dobleak izan ziren Ezterenzubin. Grazianaren anaia Marti Gaztenaga eta Mayi Lekunberritar nexka gaztea ere egun berean esposatu baitziren, familia handi bat elgarretaratuz. Azken hok zenbait urte hotan Donibane Garazin bizi dira erretiraturik.

Berriketari hunen bidez gure goraintziak errezebi ditzatela heiek ere. Agur bero batekin.

Martin Etchamendy



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia