euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaraz, che!: Gaztezulo aldizkariak Argentinako lehenengo barnetegiko 20 urteak aipagai artikulu batean

2011/02/07

Aurreko barnetegi bateko parte hartzaileak (argazkia Gaztezulo)
Aurreko barnetegi bateko parte hartzaileak (argazkia Gaztezulo)

PUBLIZITATEA

Euskal Herritik paperean zein sarean gazteei zuzendua euskaraz plazaratzen den Gaztezulo aldizkariak Argentinako euskara irakasleentzako barnetegiari buruzko artikulua argitaratu du azken alean, Rio Cuarton egin berri den azken edizioaren harira. Orain dela 20 urte Macachinen hasi ziren barnetegiek fruitua eman dute, eta egun, Argentinan, euskara ikasitako hainbat ikasle eta irakasle dabiltza. Gabriel Arce da horietariko bat, eta Maite Bilbao beste bat. Azken hau, argentinarra izanik Hernanin ari da Euskal Herrian jaiotakoei euskara klaseak ematen. Bejondaizuela!

Raul Perez/Gaztezulo. Teresa Zabaleta, Rosana Entizne, Gabriela Mendia, Marigen Mugika, Juan Abasolo… Argentinan jaioak, Euskal Herritik milaka kilometrora. Hala ere, euren aitona-amonen eta birraiton-amonen ama hizkuntza ikasteko jakinminak jota eta euskal etxeetan euskara gainbeheran zetorrela ikusirik, Jaurlaritzari barnetegia antolatzeko proposatu zioten, zaildu ondoren eskolak egin ahal izateko.

HABEk eta FEVAk –Argentinako Euskal Erakundeak– 1990ean Macachinen antolatutako lehen barnetegian 17 ikaslek eta bi irakaslek hartu zuten parte. Euren aletxoa jarri dute edo jartzen ari dira, euskararen bihotzak taup-taup egiten jarrai dezan Che Guevararen sorterrian. Beste hainbatek segida eman diote lan horri urte hauetan guztietan. 2010eko datuak horren erakusle dira: trebatutako 75 irakasletik gora eta 800 ikasle heldu.

S.A. MUSIKA TALDERAREKIN KATEATUTA

Gabriel Arce Moronen jaio zen duela 29 urte eta Buenos Airesen bizi izan da betidanik. Hizkuntzak atsegin ditu txikitatik eta Soziedak Alkoholikaren abesti batekin –'Pauso bat'–, euskararekin kateatuta geratu zen. “Hori izan zen arrazoia, eta euskal sustraiak; aitaren aldeko aitona-amonak Euskal Herritik Argentinara etorri zirelako”.

Gabrielek duela bost urte ekin zion euskara eskolak emateari Argentinako euskal etxeetan. 2008an, Euskal Herrira etortzeko parada izan zuen eta Lazkaoko barnetegian aritu zen. “Euskal Herriko bizimodua ezagutu nuen eta euskara kalean, irratian edota telebistan entzuten nuenez, ba ene euskara hobetu nuen”, azaldu du Arcek. HABEren hirugarren maila gaindituta bueltatu zen Argentinara. Mapak egitea du ogibide, baina euskara irakasten jarraitzen du. Joan den urtean Txilen izan zen Euskara Munduan programaren karietara, eta internet bidez ere eskolak ematen ditu. “Hasieran, jendaurrean egonik, euskaraz egiteak urduritu egiten ninduen, baina behin konfiantza hartuta eta dakidan guztia mahai gainean jarrita, oso eroso sentitzen naiz eskolak ematen”, dio.

MAITE BILBAO: ARGENTINAR BAT HERNANIARREN EUSKARA IRAKASLE

Necochean jaio zen Maite Bilbao duela 33 urte. Dantza egiten izan zuen lehen hartu emana bertako euskal etxearekin. Egun euskara eskolak ematen ditu Hernaniko AEK euskaltegian. Honatx, bere bidea. Argentinatik Euskal Herrira. Jaioterrian, hainbat gaztek euskaraz ikasteko "kristoren gogoa" dutela dio.

-Zerk hurbildu zintuen euskarara?

Birraitona-amonak Gipuzkoan jaioak ziren. Ni txiki-txikitatik euskal etxera joaten nintzen. Dantza taldean hasi eta zortzi bat urterekin ekin nion euskara ikasteari. Hasieran, batez ere jolasean ibiltzen ginen, hitz batzuk baino ez genituen ikasten. 14 urterekin udara pasatu nuen lehen aldiz barnetegi moduko batean. Ez nintzen oso gustura ibili, baina ondorengo bi urteetan, aldiz, bai. Goizez eskolak hartzen genituen, bazkalorduan ere euskaraz aritzen ginen, eta arratsaldean, berriz ere eskolak. Udara bukatuta ez nuen euskara lantzen, baina Euskal Herritik joaten zirenak harrituta gelditzen ziren, ez nuelako ahazten udaran ikasitakoa eta ikasitakoa finkatu egiten nuelako.

-Noiz etorri zinen aurrenekoz Euskal Herrira?

18 urterekin etorri nintzen eta betiko ametsa gauzatu nuen. Lazkaora etorri nintzen, hiru hilabete pasatzeko asmoarekin. Ez nuen inor ezagutzen, ez nekien ondo moldatuko nintzen, baina denbora tartea horren azkar pasatu zen, ezen sei hilabete geratzea erabaki bainuen. Uste nuen zaharrago izan arte ez nuela Euskal Herria ezagutzeko aukerarik izango. Aitona-amonek, adibidez, ez zuten ezagutu, eta gurasoak ni baino urtebete lehenago etorri ziren estreineko aldiz.

-Euskal Herrira itzultzeko gogoz etxeratu zinen, nonbait.

Neure buruari esaten nion unibertsitate ikasketak bukatutakoan bueltatu behar nuela. Aurreko aldian, sei hilabetean, hemengo bizimodua barneratu nuen, baina turismo kutsua izan zuen bisita hark. Horregatik bolada luzeagoa igarotzeko asmoz etorri nintzen bigarren aldian, duela hiru urte eta erdi.

-Behin betiko geratzeko intentziorik al duzu?

Ez dakit nik bilatu behar dudan amaiera edo bere kabuz etorriko den. Hemen oso gustura nago. Argentinan, barnetegian trebatzen ginen, ondoren euskal etxean eskolak emateko, baina ez nuen sekula imajinatu Euskal Herrian bertan irakasle ariko nintzenik! Hernanin euskara eskolak emateko proposamenari ezetz esan nion hainbatetan, baina azkenean, baietz esan nuen.

-Euskara ikasteko eginiko bideari erreparatuz gero…

Argentinako barnetegi moduko hartan bi hilabete eta erdi egotea gogorra egiten zitzaidan: lagunekin egon nahi nuen, hondartzara joan, parranda egin… Astelehenero negarrez joaten nintzen. Orain, aldiz, ez naiz damutzen. Euskal Herrira etorri nintzenean ez nuen inor ezagutzen, hortaz, lagun euskaldunak egin nituen, eta aholku hori ematen diet ingurune erdaldunetan bizi diren ikasleei, adiskide euskaldunak egin ditzatela.

-Artikulua Gaztezulo aldizkariaren webgunean, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia