euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara ikasi nahi Berlinen? Zabalik da Freie Unibertsitateko Etxepare Institutuaren ikastaroetan izena emateko epea

2022/10/06

Aurtengo euskara eta euskal kultura ikastaroen eskaintza Berlingo Freie Unibertsitatean
Aurtengo euskara eta euskal kultura ikastaroen eskaintza Berlingo Freie Unibertsitatean

PUBLIZITATEA

Berlin, Alemania. Aste honetatik aurrera eta urriaren 14ra arte zabalik da Etxepare Euskal Institutuak Berlingo Freie Unibertsitatean duen irakurletzan euskara eta euskal kulturari buruz ematen diren klaseetan izen emateko epea. Datorren seihilekoan hiru ikastaro eskainiko dira: A1 mailakoa, astearte eta asteazkenetan 10etatik 12etara, A2 mailakoa astearteetan 14etatik 16etara, eta euskal kulturari buruzko ikastaroa asteazkenetan 14etatik 16etara.

Honelakoetan ohi bezala, askotarikoak dira Alemaniako ikasleek euskara ikastaroetara hurbiltzeko dituzten arrazoiak, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Maddalen Subijana Puelles Etxepare Euskal Institutuko irakurleak, Batzuk, interes linguistikoagatik, beste batzuk Euskal Herrira bidaiatu edo elkartruke bat egiteko asmoa dutelako, edo, besterik gabe, bertako lagunak dituztelako.

Euskara eta euskal kultura klaseak

Irakurletzak, klaseez gain, kultura zabaltzeko hainbat jarduera antolatzen ditu ikasturtean zehar, askotan Berlingo Euskal Etxearekin batera, hala nola Korrika edo Gernikako bonbardaketaren oroitzapena. Horrez gain, urtero euskal idazleen bisita jasotzen dute, eta solasaldiak edo euskarazko eta alemanezko poema eta testuen irakurketak egiten dituzte.

Maddalenek urtebete daramala irakurle esan digu, eta orain arteko bere esperientzia oso aberasgarria izan dela. Oso eskertuta dago Alemaniako unibertsitate batean euskara irakasteko aukera eduki izanaz, eta berarentzat plazera da bertako ikasleei beren hizkuntza eta kultura ezagutarazteko lanetan aritzea, are gehiago ikasleek aurrerapausoak ematen dituztela eta pixkanaka euskaraz aritzeko gai direla ikusten duenean.

Izena emateko garaiz oraindik

Era berean, animatzen ditu interesa daukaten eta oraindik izena eman ez duten guztiei egun hauetan hurbildu eta beldurrik gabe emateko izena, "ez baitzaiei damutuko". Informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi zuzenean berari maddalen.subijana@fu-berlin.de helbidera. Gomendatzen die Irakurletzaren Facebookeko orrian sartu eta egiten dituzten jarduerak ezagutzea.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia