euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eskualdunen Biltzarra Euskal Etxeak bere sasoi bizienetakoa izan du 'Euskal udazkena Bordelen' jaialdiarekin

2008/10/21

Spezi Mukaki talea Bordeleko kaleetan dantzari BatekMila erakusketaren inaugurazioan (argazkia BordeleEE)
Spezi Mukaki talea Bordeleko kaleetan dantzari BatekMila erakusketaren inaugurazioan (argazkia BordeleEE)

PUBLIZITATEA

Bordeleko Euskal Etxeko kideak loriatuta agertzen dira joan den hilabetean elkarteak egin duen 'Euskal Udazkena Bordelen' jaialdiaren emaitzarekin. Zorte pixka bat eta elkarteko kideen lan eskerga medio euskal etxeak kultur ekitaldi ugari egin ditu: erakusketak, kontzertuak, luxuzko literatur gaualdia Bernardo Atxaga, Itxaro Borda eta Kepa Junkerarekin... 'Geure ia asti guztia eman dugu horretan!', esaten digu David Mujika EEko komunikazio arduradunak, 'baina gelditzan zaigun inpresioa, alde batetik hau guztia egiteko gai izan garela da eta, bestetik ,gure elkartea indartsuago, dinamikoago eta ezagunago bihurtzen ari dela'.

Bordele, Frantzia.  Bordeleko Euskal Etxeko arduradunek balioespen oso baikorra egiten dute irailaren 19an hasi eta joan den asteburuan bukatu den 'Euskal udazkena Bordelen' jaialdi edo ekitaldi-zikloaz. 'Loriatuak, poz-pozik gaude Bordeleko Euskal Etxeko kideok, bai ekitaldia antolatu dugunok, eta baita besteak ere, kontzertuetara edota beste ekintzetara etorri zirenak', azaldu dio EuskalKultura.com-i David Mujikak.

Jaialdi honekin Euskal Etxeak Batzorde Nagusiko kideen aspaldiko asmo bat betetzea lortu du: 'Euskal Etxean kalitateko ekintzak egitea eta komunikazioaren aldetik horrelako ekintzak daramatzagula jakinaraztea. Dinamika horren bultzatzaileetarik bat Jean-Marc Goyheneche presidentea dugu', emendatzen du Mujikak.

Lana eta zortea uztartzen direnean

Jaialdiaren antolakuntzan, asmo horrek eta zorteak ere eragin handia izan dutela aitortzen du elkarteko komunikazio arduradunak. Kointzidentziari, eta aurretik eginiko lanari esker, euskal etxeak kultur proposamen desberdinak jaso eta jaialdi honen barruan uztartu ahal izan ditu. Adibidez, urriaren erdialdean Bordelen egiten den Lettres du monde jaialdiak Bernardo Atxaga, Itxaro Borda eta Kepa Junkera gonbidatu zituen Bordelera, eta euskal etxeari eurekin gaualdi bat egitea proposatu zien. 'Guk baietz', noski, azaltzen du Davidek.

Antzeko kointzidentziak ere gertatu ziren beste ekitaldi batzuen antolakuntzan. Jaialdia ireki zuen Ondarearen Eguna irekitzeko, Bordeleko Herriko Etxeak  Bestalariak koralari kontzertua eskaintzeko eskartu zion. 'Batekmila erakusketari dagokionez, Batzorde Nagusiko bilera batean aipatu ginuen, interesgarri, baliagarri zitekeela Bordelen egitea. [Erakusketa antolatzen duen] Euskal Kultur Erakundera telefonatu eta, eta hain zuzen ere, EKEk nahi zuen Bordelen egin, eta beraz gu atsegin handiarekin juntatu ginen dela animazioetan parte-hartzeko dela komunikazioaren egiteko', azaltzen du Mujikak.

3000 ikusle

Ekitaldiek izan duten erantzun ona da euskal elkarteko arduradunek pozez hartu duten beste datu bat. Batekmila erakusketak 1.700 bisitari izan ditu Bordelen egin dituen 17 egunetan eta jaialdiko beste ekitaldiekin batuta 3.000 bat lagun ibili dira 'euskal udazkenean'. Adibidez, 'Bestalariak koralak urriaren 11an eman zuen kontzertura 400 bat lagun etorri zitzaizkigun, zinez arrakasta haundia', adierazten du Mujikak. Mikel Duvertek eman zuen Vouz avez dit basque? mintzaldira ehun bat lagun bildu ziren eta literatur gaualdian ere ia beste hainbeste.

Euskal Udazkena Bordelen
['Euskal udazkena Bordelen' jaialdiko ekitaldietako batean Euskal Etxera bildu ziren ikusleak]

Mitoak eta idazle enblematikoak

Literatura gaualdiaren arrakastarekin ere oso pozik agertzen dira euskal etxean,  Atxaga, Borda eta Junkera bezalako artista ospetsuek etxean hartzeko paradarekin harro. 'Itzal handiko artistak ziren, eta ikuskizun goxoa eman zuten: Atxaga, mitoa; Itxaro, Iparraldeko idazle enblematikoa eta Junkera... Azken bi hauek biziki ikuskizun hunkigarra eskaini zaukuten, lehena irakurtzen, bestea musikan lagun', dio Mujikak. 'Bikote izigarria egin zuten, Itxaro ez zen gehiago gelditzen olerkiz-olerki, eta jakina, Keparen interpretazioa parerik gabea izan zen. Baita Atxagarena ere, eta jendeak nahiko zuen luzexago irakur zezala'.

Orokorrean, jaialdiaren bidez Euskal Etxeak bere lana Bordelen aditzera emateko aukera izan duela uste dute arduradunek. 'Bordeleko jendeak interesa erakutsi zuen ekintza gehienetarako: kontzertuak, hitzaldiak, erakusketa, denak arrakastatsuak izan dira. Gu bezalako bolondresentzat izigarrizko lana da, ofizioa eta familia ditugula-eta, ia asti guzia emaiten dugu horretan. Baina gustatzen zaigu! Gelditzen zaigun inpresioa alde batetik horren egiteko gai izan girela da, eta bestaldetik, gure elkartea indartsuago, dinamikoago, ezagunago bihurtzen ari dela'.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia