euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal testuen irakurketa antzeztua datorren igandean Mexikoko Antzerki-Liburuen 2012ko Azokan

2012/10/04

Cartel de la V edición de la Feria del Libro Teatral 2012
Cartel de la V edición de la Feria del Libro Teatral 2012

PUBLIZITATEA

Euskal Herriak eta euskarak presentzia izango dute aste honetan Mexiko Hiriko Centro Cultural del Bosque delakoan egiten ari diren Antzerki-Liburuen 2012ko Azokan. ArtezBlai euskal argitaletxeak eta Yorick liburudendak elkarrekin ezarri dituzten bi standetan euskarazko zein gaztelaniazko testuak aurki daitezke eta datorren igandean bi euskal testuren irakurketa antzeztua egingo da, euskaraz bata, Aizpea Goenagarena, eta gaztelaniaz bestea, Goenaga bezala idazle eta antzezle donostiarra den Teresa Calorena, Mexikoko Euskadiren Bulegoaren eta Etxepare Institutuaren sostenguaz.

Mexiko Hiria, Mexiko. Euskal Herriak eta euskarak presentzia daukate, stand bat eta euskal testuen irakurketak medio, joan den asteartetik, urriaren 2tik, datorren igandera arte Mexiko Hiriko Centro Cultural del Bosque delakoan garatzen ari den Antzerki-Liburuen 2012ko Azokaren bosgarren edizioan.

Bilkurara Mexiko, Argentina, Espainia eta Uruguaiko 35 bat argitaletxe etorri dira eta 70 kultur ekitaldi egingo dira tarteak antzerki-lanak, tailerrak, hitzaldiak, aldizkari eta liburu aurkezpenak eta bideo emanaldiak. Horiekin batera, saio berezi batzuk eskainiko dira eta baita irakurleta antzeztuak ere, eta INBA edo Instituto Nacional de Bellas Artes-en jazki bilduma erakutsiko da.

Euskaraz irakurriko den testuak "Joetuta" dauka izenburu eta Aizpea Goenaga egile, azkenaldian gehienbat Etxepare Euskal Institutuko zuzendari gisa daraman lanagatik ezaguna bada ere, berez idazle, zuzendari eta aktore gisa ibilbide luzearen jabe den pertsona. Irakurketa Unibertsitate Iberoamerikarrean euskara irakaslea den Nerea Basterretxeak eta UNAM Mexikoko Unibertsitate Autonomo Nazionalean euskara eta euskal kultura lektore lan bera daraman Gurutzne Etxeberriak egingo dute, Euskadiren Mexikoko Ordezkaritza Bulegotik ohar baten bidez jakinarazi dutenez.

"Joetuta"k lagun diren adin ertaineko bi emakumeren berri ematen du, taberna batean bildu eta euren senarrez, seme-alabez, etxeaz eta egunero kezka dituzten arazoez hizketan ari direla. 20 orrialdeko gidoi bat da eta irakurketak zazpi bat minutu hartuko ditu.

Ainara Gerrikabeitiak, ArtezBlai argitaletxearen eta Yorick liburudendaren izenean mintzatuz, argitu du Goenagaren testua jatorrizko bertsioan irakurriko dela, euskaraz alegia, itzulpenik gabe: "Helburua, Mexikon euskara ikasle direnak erakartzea da, baita, oro har, hirian egon daitezkeen euskaldunak ere".

Gaztelaniaz, Bilboko argitaletxe beraren bigarren testu antzeztu bat ere irakurriko da, Goenaga bezala antzezle eta antzerkigile donostiarra den Teresa Caloren "Su ex". Bakarrizketa bat da, emakume bat bere bikotelagunaz eta haren bikote ohiaz mintzo.

ArtezBlai argitaletxeak hirugarren testu bat ere azokaratuko du, irakurketa antzeztuan, kasu honetan Kataluniako egile batena, gaztelaniaz irakurria: "Lecciones incompatibles con la vida", Angelica Liddell-ena. Emakume baten aldarrikapena da, bere amatasuna hautatzearen alde.

Gaztelaniazko bi obren irakurketa Norma Torres antzezle mexikarrak egingo du. Euskarazko testua eta ondoren gaztelaniazko biak igandean egingo dira, arratsaldeko bostetan hasita.

Gerrikabeitiak argitu du Azokako 14. eta 15. standetan daudela ArtezBlai argitaletxea eta Yorick liburudenda eta bertan argitaletxe bilbotarraren argitalpen guztiak topa daitezkeela, euskaraz zein gaztelaniaz. ArtezBlaik soilik antzerki-testuak argitaratzen ditu, aipatu bi hizkuntzetan, eta liburuak antzerki arloko teoria eta praxiaz. Madrilgo Yorick liburudendak Arte Eszenikoei buruzko liburuak saltzen ditu soilik: antzezki-testuak eta oholtza gaineko teoria eta praxia liburuak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia