euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal kantua Madrilera bisitari, etzi larunbata Zamudioko Koralarekin eta datorren astean Leioako Kantika medio

2007/06/21

Zamudio Kamara Koraleko kantariak
Zamudio Kamara Koraleko kantariak

PUBLIZITATEA

Madrileko euskal komunitateak eta oro har musikazaleek Euskal Herriko konposatzaileen hamaika kanta entzun ahal izango ditu datozen egunetan, Zamudioko Kamara Korala eta Leioako Kantika Koralaren ahotsetan. Zamudioko taldea 11 emakumek osatzen dute eta euren emanaldia etzi, larunbat honetan bertan, Madrileko San Inazio elizan izango da. Kantika Koralak bestalde, hilaren 29an eskainiko du emanaldia Santa Cruz elizan, Euskal Etxearen egoitzaren 25. urteurrena dela eta.
Euskal koru musikak bere tartea izango du egunotan Espainiako hiriburuan, Euskal Herriko bi taldek emango dituzten kontzertuei esker. Lehendabizikoa Zamudioko Kamara Koralaren eskutik etorriko da, etzi, San Inazio elizan, arratsaldeko zazpi t'erdietatik aurrera. Hamaika emakumek osatzen dute taldea eta Iratxe Gezuraga da zuzendaria. Taldea 1987an sortu zen. Emanaldian abestuko dituzten abestien artean honokoak egongo dira: 'Agur jaunak', 'Pandero zaharra', 'Izar ederra', 'Amaren besoetan' eta 'Euskal Herri polita gora'.

Emanaldiaren bigarren partean molde, ezaugarri eta garai diferentetako nazioarteko musikagileen lanak entzun ahalko dira, horien artean 'Lifth thine eyes' (Mendelsson), 'Ave María' (Caccini), 'La lune est mort' (Lifermann) edo 'Let it Be' (Beatles). Emanaldia Real Congregación de Naturales y Originarios de la tres Provincias Vascongadas taldearen laguntzarekin antolatua da.

Euskal Etxearen egoitzaren 25 urte

Bigarren aukera hilaren 29an heldu da, datorren asteko ostegunean alegia, Leioa Kantika Koralaren eskutik. Talde hau Leioako gazte talde bat da eta euren ikuskizunak oso koloretsu eta originalak izan ohi dira. Kontzertua Madrilgo Euskadiko Ordezkaritzak eta EUDELek --Euskadiko Udalen Elkarteak-- antolatu dute, Euskal Etxearen laguntzarekin. Emanaldia Euskal Etxe madrildarraren egoitzaren 25 urteak direla eta prestatu da. Hitzordua, gaueko bederatzietan Santa Cruz elizan (Atocha kalea, 6) izango da.


Lotura interesgarriak

Zamudioko Kamara Korala
www.zamudiokokamarakorala.eu

Leioa Kantika Korala
En www.iberkonzert.com

Leioa Kantika Mexico Euskal Etxearen San Inazio jaian
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko abuztuaren 8an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia