euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinan euskal kultura irakatsi nahi duzu? Eman zuren izena Hator Hona programaren 10. edizioan

2014/03/12

Aurten Hator Hona programaren 10. edizioa burutuko da
Aurten Hator Hona programaren 10. edizioa burutuko da

PUBLIZITATEA

2013ko edizioa Euskal Herrian burutu ondoren, Necocheako Euzko Etxea-ko gazteek sortutako Hator Hona programa Argentinara bueltatuko da aurten uztailaren 18tik abuztuaren 10ra bitartean. Hiru aste horietan, hainbat euskal kultur adierazpen konpartituko dituzte Euskal Herritik bertara joandako zenbait gaztek euskal etxeko komunitatearekin, tartean, dantzak, musika, euskara, kirola eta sukaldaritza. Hator Hona 2014ko edizioan izena emateko epea apirilaren 20an bukatuko da; animatu, esperientzia bikaina baita!

Necochea, Argentina. Martxoaren hasierarekin batera, Hator Honaren edizio berrian parte hartzeko deialdia luzatu die Necocheako Euzko Etxeak Euskal Herriko 18 eta 30 urte arteko gazteei. Proposamenak, eta gazte horien presentziak Argentinan, bi helburu nagusi ditu: batetik, Diasporako euskal etxeetan dagoen Euskal Herriaren irudia ahalik eta eguneratuago mantentzea; bestetik, euskal eta euskal-argentinar gazteen arteko harremanak sendotzea.

Hator Honaren 10. edizioa uztailaren 18tik abuztuaren 10ra luzatuko da (aldaketaren bat gerta daiteke, Buenos Aires probintziako neguko oporren data aldatuko balute) eta epe horretan Euskal Herritik etorritako lagunek klaseak eta tailerrak eskainiko dizkiete euskal etxeko kideei. Eskatzen diren ezagutzak arlo hauetakoak izango dira: dantza, musika, euskara, kirola eta gastronomia. Eta ohi bezala eta erakunde antolatzailetik adierazten dutenez, titulurik ez da behar; ezagutza eta esperientzia apur bat eta irakasteko gogoa nahikoak dira programan parte hartzeko. Parte hartzaileek Argentinarako euren bidaia ordainduko dute eta euskal etxeak ostatu osoa emango die.  

Gogora dezagun Hator Hona programa 2004an jaio zela Necocheako Euzko Etxea-ren baitan eta geroztik burututako edizioetan Euskal Herriko bazter guztietako 61 gaztek hartu dutela parte. 2013an, alabaina, Euskal Herria izan zen ‘Hator Hona’-ko egoitza. Programatik pasatu ziren neska-mutilak bisitatzeaz gain, hainbat jai eta ekitalditan aritu ziren Necocheatik joandako gazteak.

Aurten, ordea, bere ohiko formatura bueltatuko da eta Euzko Etxea-ko kideak prest daude Euskal Herriko gazteen eskaera eta proposamenak jasotzeko. Izena emateko epea apirilaren 20ra arte luzatuko da eta ekimenak zabalik daukan blogean egin daiteke www.hatorhona.blogspot.com helbidean. 

Webgunean bertan jakinaraziko dira hautaketen emaitzak eta proiektuari buruzko informazioa gehiago ere berttan lor daiteke. Emailez ere eska daiteke, hona: hatorhona@gmail.com

Esango dugu, bukatzeko, Euzko Exea-ko gazteek, aktibitatea sustatzeko bideo bat egin dutela. Bideoa ikusteko, egizu klik hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia