euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herria bizikletaz: Javi Salvarredi mendozarrak uztailean egin zuen bidaiaren kronika (I)

2010/09/22

Atseden hartzen, Aizkorriko mendilerroko maldetan gora galduta San Adriango tunelaren bila (argazkia J.Salvarredi)
Atseden hartzen, Aizkorriko mendilerroko maldetan gora galduta San Adriango tunelaren bila (argazkia J.Salvarredi)

PUBLIZITATEA

'Euskal Herria badu dantzariak, pilotariak, jaiak eta janaria baino zerbait gehiago... natura ikusgarria dauka; nahiz eta lurralde txikia izan, badira ezagutzea merezi duten leku ia zanpatu gabeak', azaltzen du Mendoza hiriko Javier Salvarredi argentinarrak. Leku horiek ezagutzeko asmoz, joan den uztailean bidaia egin zuen Euskal Herrian barrena bizikletaz eta orain abentura haren kontaketa EuskalKultura.com-era dakar, Diasporako lagunei Euskal Herria era berri batean ezagutzeko gonbitea eginez. Gaur, bidaiaren lehen zatia.

Donostia-San Sebastián. 'Euskal Herrian izan nintzen aurrekoan belauna operatu berria nuen eta bizkortzealdian egin nezakeen kirol bakarra bizikletan ibiltzea zen. Hor erabaki nuen Hondarribiatik Leitzara bidea egitea nire lehengusuei bisita egiteko', gogoratzen du Javi Salvarredi mendozarrak. 

Plazaolako bide berdean zehar, Andoaindik Leitzara, Salvarredik Euskal Herriko natura deskubritu zuen eta baita hurrengoan arbasoen lurra bizikleta gainean ezagutuko zuela erabaki ere. Joan den uztailean, hiru urteren ondoren, Bilbon bizi den arreba bisitatzera bueltatu eta ametsa bete zuen.

'Lagunak eta senitartekoak bizi diren lekuek bisitatuz antolatu nuen ibilbidea eta horrela etapak lotzen joan nintzen', azaltzen du. 'Esperientzia zoragarria izan da, asko gozatu dut geografiaz, dibertsitateaz... Bost kilometrotan sei herri zeharkatzea eta bapatean berde-berdea zena hori bihurtzea ez da ohikoa gure lur mendozarrean'. 

Bisita ikusgarriak

Ibilbide gehiena trafikorik gabeko errepidetan, bide berdeetan (bizikletan ibiltzeko egokitutako trenbide zaharrak) edo hirietako bidegorrietan barrena igaro da. 'Biziki gomendatzen dut hau egitea. Diasporako euskaldunentzako ohikotik aldentzen den zerbait da', dio Salvarredik. 

Tarte batzuetan lasaia eta besteetan gogorra izan da: 'Nire ustez gauzak lortzeko lana gogotik egin behar denean, gehiago gozatzen ditugu. Geografia malkartsuak lan asko egitera behartzen zaitu portuetan gora, baina atzean utzi duzunaren eta aurrean duzunaren bista ikusgarria ematen dizu', gehitzen du Salvarredik.

Jarraian Salvarredik BIDAIAREN KRONIKA egiten du egunez egun gure irakurleentzat:

1. etapa: HONDARRIBIA - LEITZA (71 km)

Etapa oso gogorra lehen eguna izateko. Oiartzun, Astigarraga eta Hernanitik barrena Goizuetaruntz igotzen hasi nintzen... baina igoera ez zen Basakabi arte bukatu; gero, ziztu bizian maldan behera Leitzara, lehengusuak bazkaltzeko zain nituen eta.

Euskal Herria en bici 11

[Leitzan, Iker lehengusuarekin Demetrio Salvarredi aitonaren etxe aurrean. Aitona asko miresten dut, bere arrebekin batera hemengo eta Atlantikoz bestaldeko sendiaren arteko harremana gordetzeko ahalegin handia egin zuelako (argazkia J.Salvarredi)]


2. etapa: LEITZA - IRUÑEA (48 km)

Lasaia, asko gozatu nuen lehendabiziko 14 km-etan nire lehengusuak bizikletaz lagundu ninduelako. Plazaolako bide berdetik joan ginen, Uitzi tunelan barrena (teorian ezin da pasa..'xaboi zaporea du baina gazta da', dio esaera zaharrak, ja, ja). Lekunberrira heldu ginen (bertan bukatzen da bide berdea) eta lehengusua etxera bueltatu zen. Nik bidean jarraitu nuen. Inguru hauetan euskal eremu berdearen eta horiagoaren arteko diferentzia ikusten hasi nintzen. Iruñera heldu eta duela urte batzuk Mendozan bisita egin zigun euskal etxeko lagun batzuen lehengusuarekin bat egin nuen.

3. etapa: IRUÑEA - LIZARRA (52 km)

Hasieran oso gogorra, bero askorekin eta portu oso luze eta gogorrarekin. Baina azkenean asko gozatu nuen bide oso lasai bat eginez, Muetz eta Aritzalan barrena, eta Lizarrara heldu nintzen, hain zuzen Erdi Aroko jai oso erakargarri bat egiten ari zirenean.

Euskal Herria en bici 2
[Lizarrako bidean, 'Etxauriko Buruhandia'ren azpian; atzean Ziriza (argazkia J.Salvarredi)]

4. etapa: LIZARRA - LANTZIEGO (56 km)

Aurreko etapan baino bero gehiago, baina lehenengo 30 km-ak bide berde eder batetik Kanpetzura arte. Bukaera aldera, Kantabriako mendilerroa igaro nuen, Lapoblacion herrira heldu arte. Portuan gailurra egin aurretik airesorgailuen ondotik doa bidea. Gero Lantziegora jaitsi nintzen eta bertan orain dela urte batzuk Mendozara bisita egin ziguten lagun batzuekin batu nintzen.

Euskal Herria en bici 3
[Kanpetzura heldu aurretik, bide berdean, garai batean trenak ibiltzen zuen tunel batean (argazkia J.Salvarredi)]

Euskal Herria en bici 4

[Lapoblacionera bidean, Kantabriako mendilerroko airesorgailuen azpian (argazkia J.Salvarredi)]


5. etapa: LANTZIEGO - ZEGAMA (91 km)

Zalantzarik gabe, etaparik gogorrena... Adrenalina askorekin, nire sasoi fisikoa probatu eta euskal odola dudala egia ote den ikusi nahi izan nuen. Lantziegotik 8:30etan atera nintzen Maeztura bidean, Izkiko Parke Naturala igaroz eta gero Iturrietako mendietan barrena. Asmoa gaua Agurainen pasa eta hurrengo egunean Aizkorri mendilerro bikain eta itzeletik Zegamara joatea zen.

Agurainen arratsaldeko 3ak aldera bazkaltzen bukatu eta indarrarekin sentitzen nintzenez Zalduondoruntz abiatu nintzen eta gero mendian gora jo nuen bide oso malkartsu batetik. Bapatean bidea bukatu egin zen eta ezin nuen bizikleta gainean igo. Bizikleta lepoan hartu eta goruntz jarraitu nuen. 

 

Euskal Herria en bici 5

[San Adrian tunelaren bila mendian gora, etengabeko euripean pedalei eragiteko oso bide zailean (argazkia J.Salvarredi)]

Bapatean laino artean nengoen, sekulako euri jasa ari zuen botatzen... Arratsaldeko seiak jo zuten eta ezin nuen 10 metrora ikusi. Lekua ezagutzen ez nuenez ez nekien nondik joan. Tupustean Erdi Aroko galtzada bat aurkitu nuen eta harek eraman ninduen San Adrian tunelera eta handik behera, mountain bikerako bakarrik egokia izan zitekeen jaitsieran. Gogotik lan egin ostean eta blai eginda 20:00tako heldu nintzen Zegamara eta herrian ditudan ahaideekin batu eta afari goxo bat jan genuen, taberna batean patxaran bat hartu eta ohera atseden hartzera.


Euskal Herria en bici 6

[San Adriango tunela igaro ostean mendian behera Erdi Aroko bidetik, laino artean (argazkia J.Salvarredi)]

 

Bihar bidaiaren bigarren zatia, argazki ikusgarri gehiagorekin.



Komentarioak

  • Aupa Txirrindulari!!!

    Oso ondo Javi!! Zorionak..besarkada bat Rio Cuartotik!!

    Gustavo, 2010/09/22 23:04

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia