euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Biarnes Emigrazioari buruzko Paueko jardunaldi amaitu berriek jarraipena izango dute uztailean La Platan

2007/02/27

Cesar Arrondo irakaslea (erdian) Hondarribian eman zuen mintzaldi batean, bertako Uri Buru Batzarrak gonbidaturik
Cesar Arrondo irakaslea (erdian) Hondarribian eman zuen mintzaldi batean, bertako Uri Buru Batzarrak gonbidaturik

PUBLIZITATEA

Eliteen emigrazioari buruzko eztabaida bizi batekin bukatu ziren joan den asteartean pauen Euskal-Biarnesen Emigrazioari buruzko Jardunaldiak. Ekitaldiek ehun bat lagunetik gora bildu zuten, Adrian Blázquez (Paueko Unibertsitatea, Frantzia) eta César Arrondo (La Platako Unibertsitate Nazionala, Argentina) antolatzaileen esanetan. Ekimenak segida izango du datorren uztailean, La Platan egingo den Simposium batekin. Bertan, Pauen aurkezturiko hainbat lan irakurriko dituzte.
Euskaldunen eta biarnesen emigrazioari buruzko Jardunaldiek ehun lagunetik gora bildu zituzten hilaren 19 eta 20ean Paueko Unibertsitatean. Jardunaldien antolakuntzaren ardura Adrián Blazquez irakasleak (Paueko Unibertsitatea, Frantzia) eta César Arrondo euskal argentinarrak (La Platako Unibertsitate Nazionala, Argentina) izan zuten, bi zentroek 1999an sinatutako lankidetza hitzarmenaren barruan. Jardunaldi hauek harreman horren bigarren uzta izan direla esan daiteke, 2000 urtean lehendabiziko topaketa batzuk antolatu ostean Pauen bertan.

Lan bilkurak Pauen eta Oloroe herrian egin ziren. Hasierako hiru jardunaldiak Pauen, eta azken eguneko itxiera ekitaldia astearte arratsaldean Oloroeko Herriko Etxean egin zen. Ekitaldiek ehun bat lagun bildu zituzten, historialari, ikerlari eta entzule artean, antolatzaileek EuskalKultura.com-i adierazi diotenez. Entzulegoak jarrera oso aktiboa izan zuen kongresuan zehar eta ekitaldietako eztabaidak aberatsak suertatu dira. Izan ere, jardunaldiak bukatu ondoren antolatzaileek eginiko balorazioa oso positiboa izan da.

Eliteen emigrazioari buruzko eztabaida bizia

'Emigrazioaren arrazoiei buruz eztabaidatu dugu, eta baita ere gai honen inguruan izaten diren ikuspuntu desberdinei buruz. Emigrazioa sarri ahaztu edo ezeztatu izan dute, batez ere berpizkunde nazional, erregional edo kulturalentzako oinarria gerta daitekeenean', azaldu du Cesar Arrondok. 'Bigarren kongresu honen gakoa, eztabaidagai nagusitzat eliteen emigrazioa aukeratzea izan da, masen emigrazioarekin batera gertatu zen eliteen emigrazio hori, hain zuzen ere'.

'Zentzu honetan azken eguneko jardunaldian hizlari eta entzuleen artean eztabaida aberasgarria piztu zen elite hitzak zer esan nahi duen argitu nahian: ea elitea jatorriz sortzen den, edo emigrazioa hartzen duten herrialdeetan finkotu egiten den... Eliteen aniztasunari buruz ere jardun ginen eta eliteetako aktore hauek Ameriketako bizileku berrietako garapen politiko, industrial eta kulturalean izandako eraginaz', azaldu du La Platako Unibertsitate Nazionaleko irakasleak.

Jarraipena La Platan

Kongresuak euskal eta biarnes jatorriko emigranteen biografiak berreskuratu edo aurkezteko aukera eman du. Beste hainbat lekukotasunen artean, lehendabiziko egunean Marie Pierre Arrizabalagak Far Westera joan ziren euskal artzainen kasua izan zuen hizpide eta Bertrand Lavallek euskal biarnotar emigrazioak 1830 eta 1870 bitartean Txilen izandako eragina aztertu zuen, adibidez. Claude Mehats historialariak Charles Iriart-en bizitza ekarri zuen gogora eta Oloroeko Udaletxean eginiko itxiera ekitaldian Adrián Blazquezek Alexis Peyret biarnotarraren biografian sakondu zuen.

Paueko ekitaldiak bukatuta, bertan ezagutzera emandako testu eta lanak argitaratzea erabaki dute antolatzaileek, Paueko eta La Platako unibertsitateen bitartez. Bestalde, topaketek datorren uztailean La Platan jarraipena izango dutela jakinarazi dute. Sinposio bat egingo da unibertsitate argentinarrean, bertan Pauen azalduriko hainbat lan aurkeztuko dituztela. Cesar Arrondo irakaslea izango da sinposio honen antolakuntzaren arduradun. Pauera eginiko bidaia aprobetxatuz Arrondo Euskal Herrian ere izan da egunotan eta beste ekitaldi batzuen artean Hondarribian mintzaldi bat emateko parada izan zuen, bertako Uri Buru Batzarrak gonbidaturik.


Lotura interesgarriak

Paue eta Atturrialdeko Unibertsitatea, Frantzia
www.univ-pau.fr

La Platako Unibertsitate Nazionala, Argentina
www.unlp.edu.ar

'Jornadas sobre emigración vasco-bearnesa en Pau'
EuskalKultura.com-en 2007ko otsailaren 2an argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia