euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal abizen bat daukatenak online bilkura batera deitzea lagunak erakartzeko bide, hartu du Trujilloko Euskal Etxeak

2021/07/26

Trujilloko Euskal Etxeak Berastegi (Verastegui) abizenekoekin antolatutako online saioa, uztail honetan bertan
Trujilloko Euskal Etxeak Berastegi (Verastegui) abizenekoekin antolatutako online saioa, uztail honetan bertan

PUBLIZITATEA

Trujillo, Peru. 2017 urtean sortua, lau urte ere ez ditu Trujilloko Euskal Etxeak, eta gogor ari da ideia eta plan berriak asmatu eta bideratzen bere kideek zein populazioak oro har gehiago jakin dezan euskal kulturaz. Kide berriak erakarri nahi ditu Euskal Etxeko parte izan daitezen. Euskal deituradun asko ikusten ditu bere inguruan baina ezagutza eta konexiorik gabe euskal erro horiei. Eta familia bilkurak hasi da antolatzen online, deituraka, deitura bat hautatu eta deitura horretakoei gonbitea luzatuz.

Online saio bat antolatzen du, eta mezuak zabaltzen dizkie sare sozialetan deitura hori daukatenei, euren deiturari buruz, euren erro eta jatorriari buruz hitz egiteko. Eta hurbiltzen zaizkio jendeak, tartean euren abizenaren euskal jatorriaz entzun gabeak edo jatorriaren mundu hori urrun zeukatenak, baina orain arte aukera izan gabeak gehiago jakiteko. Eta oinarrizko datuez ateratzen dira euren deiturari buruz, Euskal Herriari buruz, deituraren historiaz eta Ameriketara noiz edo noren bidez iritsi izanaz..

Lehenengo online bilkura Lizarzaburu deituraren inguruan antolatu zuen ekainaren 6an. Bigarrena ere, arrakastaz, Berastegi --bertan askotan gehienbat Verástegui-- abizenaz, uztailaren 10ean, eta hirugarrena bidean dator, agorrileko bigarren astean, Kruzalegi edo Cruzalegui deituraz.

Ezin uka lanean ari ez direnik. Auzolanean, eta onartzen dute laguntzarik, eurak ere ikasten ari baitira, gustura.

Pentsatu duzu zeure euskal etxean halakorik antolatzea? Edo euren bilkuretako batean parte hartu eta ikustea/ikastea zer eta nola egiten duten?

Trujilloko Euskal Etxea - Centro Vasco de Trujillo
-Facebook: www.facebook.com/groups/trujilloko.euskal.etxea
www.facebook.com/TrujillokoEuskalEtxea
-Emaila: trujillo.euskal.etxea@gmail.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia