euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Estatu Batuetako euskal etxeek datorren astean egingo dute euren urteroko Biltzar Nagusia, Winnemucca, Nevadan

2007/05/31

Winnemucca Basque Festival jaialdiaren kartela
Winnemucca Basque Festival jaialdiaren kartela

PUBLIZITATEA

AEBetako euskal etxeetako ordezkariak Nevadako Winnemucca-n elkartuko dira datorren asteko asteburuan NABOk urtero Estatu Batuetako herri diferente batean antolatzen duen Convention edo Biltzar Nagusia egiteko. Bilkurarekin batera, Winnemuccako Euskal Etxeak eta Herriak jai egitarau polita iragarri dute, arituko diren artisten artean Jean Flesher euskalamerikarra eta bere banda, eta Euskal Herritik etorritakoen artean Luhartz talde durangarra. Igandeko mezak gomuta berezia azalduko du herrian bertan duela ezta hiru aste ere hil zen Mike Olano euskaldun ezagutuaren ohoretan.
Ekainaren 8tik 10era Winnemuccako Euskaldunak Danak Bat Euskal Etxeak antolatuta egingo da 2007ko NABO Convention-a, Estatu Batuetako euskal etxeen urteroko bilkura nagusia. Asteburu horretan bertan Winnemuccak bere Euskal Jaialdia egingo du eta hori dela eta antolatzaileek inguruetako euskaldunak jaian parte hartzera gonbidatzen dituzte, asteburuko ekitaldi eta desfiletan beste euskal etxeetako dantzari, kirolari, muslari eta artistak gustora asko hartuko dituztela gogoratuz.

Ekitaldiak ostiralean hasiko dira, goizean goiz, NABOko ordezkariak bilduko dituen bilerarekin. Goizean goiz ere hasiko da Mus txapelketa, Convention Centerren. Parte hartzeko bikote bakoitzak 80 dolar ordaindu beharko ditu eta irabazleek 500 dolarretako saria jasoko dute. Muslari gazteek ere izango dute euren abilezia erakusteko parada, goizeko 9:00tatik aurrera. Bazkaria 11:30tatik 12:30tara zerbitzatuko da eta doan izango da NABOko ordezkarientzat (10 dolar besteentzat).

Desfilea herriko kaleetan barna

Arratsaldean Linda Dufurrena argazkilariak bere lanen bilduma bat aurkeztuko du Making West Home; A Basque Journey izenburudun mintzaldian. Ondotik Boiseko Txantxangorriak taldeak kontzertua eskainiko du Jean Flesher soinujolearekin eta Winnemucca Irrintzi taldeak dantza erakustaldia emango du. Arratsaldeko 19:00tan Durangoko Luhartz taldearen txanda helduko da eta bizkaitarrek erromeri dantzaldia girotuko dute euren musikarekin. Ostiralean ere Kantuketan erakusketa inauguratuko da, asteburu osoan zehar kusgai izango delarik.

Larunbatean, ekainaren 9a, eguneko jarduerak goizeko 11:00tan hasiko dira, Winnemuccako kaleetan barna egingo den desfilearekin. Familia bakoitzak bere karroza atondu ahal izango du, bertan familiaren historia irudikatuz. NABOko ordezkariek euren karroza propia izango dute. Antolatzaileek desfile honetan parte hartzeko gonbitea luzatzen diete inguruetako euskal etxeetako bazkide, dantzari eta musikariei. Desfilea Winnemucca Fairgrounds gunean bukatuko da 13:00ak aldera eta orduan egingo da Euskal Jaialdiaren irekiera ekitaldia, Jean Flesher Band eta Noka taldearen kontzertuekin.

Irrintzi, zato eta jota kehiaketak

Arratsaldean era guztietako emanaldi eta lehiaketak izango dira ikusgai. Alde batetik herri kirolek protagonismo handia izango dute, aizkolari, txinga eta soka-tira txapelketekin. Era berean jaialdiko lehiaketa 'klasikoak' ere egingo dituzte, zato eta irrintzi lehiaketekin. Bukatzeko gaueko 21:00tak aldera dantzaldia hasiko da, Jean Flesher Band, Luhartz eta Winnemuccako What’s Next taldeekin. Azken egunean, igandean, ekitaldiak aita Martxel Tillousek emango duen mezarekin hasiko dira. Ondotik Txantxangorriak eta Noka taldeek dantzaldia eskainiko dute. Eguerdian euskal amerikar estiloko bazkaria zerbitzatuko da eta arratsaldean berriz ere herri kirol eta lehiaketan egingo dituzte eta tartean jota lehiaketa bat ere egingo dute.


Lotura interesgarriak

NABO
www.nabasque.org

Winnemucca Basque Club, Winnemucca, Nevada
www.nabasque.org

Mike Olano euskal amerikarra zendu da Winnemuccan
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 25ean

Winnemucca Basque Festival 2005
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005eko ekainaren 30ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia