euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Erakusketa Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoan: 1842, 200 hildako,"euskal emigrazioko tragediarik handiena"

2019/09/30

Euskal emigrazioari dagokion pasarte goibel hau aipatzen duen erakusketa Zumalakarregi Museoan ikus daitezke martxoaren 22ra bitartean (arg. ZM)
Euskal emigrazioari dagokion pasarte goibel hau aipatzen duen erakusketa Zumalakarregi Museoan ikus daitezke martxoaren 22ra bitartean (arg. ZM)

PUBLIZITATEA

Pirineo bi aldeetako 200dik euskal emigrante baino gehiago hil ziren 1842an 'Leopoldina Rosa' ontzia Uruguaiko kostaldetik gertu hondoratu zenean. Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak erakusketa zabaldu berria du euskal emigrazioko pasarte askorentzat ezezagun hura gurera ekartzeko. Erakusketa berean, leku berezia hartu du baita ere seguruenik euskal emigrante ezagunena izan den Jose Mari Iparragirrek, Gernikako Arbolaren egilearen jaiotzaren Bigarren Mendeurrena (1820an jaio zen Urretxun) datorren urtean gogoratuko baitute sorterrian ekitaldi egitaratu potolo batekin.

Ormaiztegi, Gipuzkoa. 'Leopoldina Rosa' fragata 1842ko neguan abiatu zen Baionatik, geldialdia eginez Pasaian bidaiari gehiago jasotzeko, Montevideo helburu izanik. 303 bidaiari zeramatzan eta ibilbidea gogorra izan zuten, besteak beste saldutako txartelak ontziaren kapazitatea gainditzen baitzuten, horren elikatzean eta higienean adakrzan ondorioekin. Ekainean Uruguaiko kostaldea ikusi zuten, baina ekaitza batek desbideratu eta ontziak ugarritzen kontra jo eta hondoratu egin zen. Garaiko kronikek 70 bidaiari bizirik atera zirela diote, eta 200dik gora ito edo hil zirela, bidaiari gehienek igerian ez zekitela.

Zumalakarregi Museoko Komunikazio arduradun Eider Arrutik "euskal emigrazioaren tragediarik handiena" gisa aipatu duen pasadizo hari buruz martxoaren 22ra arte zabalik egongo den erakusketa inauguratu dute irailaren 20an Ormaiztegin. Museoaren webguneak datozen lerroetara ekarri dugun testua ere argitaratzen du erakusketari eta emigrazio garai hari buruz.

"Leopoldina Rosa: Gaur egungo istorio bat" erakusketa

XIX. mendeko euskal emigrazioa aztertzerakoan hainbat helmuga hautatu genitzakeen Ipar zein Hego Amerikan ala Filipinetan, baina, azkenean Uruguai izan da aukeratutakoa. Herrialde honi buruzko eta, bereziki, bertara jo zuten euskal emigranteei buruzko informazioa, zein bertako instituzioekin sortu dugun harremana, Alberto Irigoyen historiagileari zor diogu. Bihoaz hemendik gure eskerrik beroenak  euskal diasporaren ikertzaile honi.

1830etik aurrera Río de la Plata bihurtuko da, bai Iparraldeko eta baita Hegoaldeko euskaldunen helburu nagusia. 1837 eta 1840 bitartean 40.000 bat euskaldun sartu ziren Montevideotik.

Hamarkada honetan Uruguai Espainiatik banandu eta Uruguaiko Ekialdeko Errepublika eraikitzen ari zen. Nahiz eta Espainiako erreinuak ez zuen oraindik errepublika berria aintzatetsi, lehen karlistaldiaren erdian, bertarako emigrazioa sustatzeko akordiak sinatzeko gai izan zen.

Uruguaiko gobernuak, bere aldetik, europar immigrazioa sustatzeko, Samuel Lafone bezalako enpresariei dirua eskaini zien bertan finkatzen ziren europar bakoitzeko. Emigraziorako empresa hauek euskal emigrazioa sustatzeaz arduratu ziren.

Euskal Herrian XIX. mendeko emigrazioaren arrazaoi nagusienetako bat politikoa izan zen. Bereziki Karlistaldien ostean, Erregegaiaren jarraitzaile sutsuenak erbesterako bidea hartu zuten. Lehenik Frantziara eta ondoren, batzuk, itsasoz bestaldera, zehazki Uruguaira, aberasteko aukerak erakarrita.

Hauetako askok 1843.ean eztanda egin zuen gerra zibilean parte hartu zuten Oribe jeneralari lagunduz, esaterako Lesmes de Bastarrica, “Oriberen boluntarioen” buru izan zen ofizial karlista. Donostian jaio eta Lehenengo Karlistaldian boluntario modura borrokatu zuen. Bergarako Hitzarmenera atxikitu ostean, gobernu liberalaren aurka konspiratzeagatik kartzelaratua izan zen. Frantziara ihes egin eta bertatik Rio de la Platara ontziratu zen. 1843.ean iritsi zen Montevideora eta gehien bat erbesteratu karlistez osatutako Oriberen Boluntarioen Bataloian integratu zen. Gerra ostean armada utzi zuen, baina bere alderdiak bultzatutako altxamendu guztietan parte hartu zuen.

Bitxia bada ere, gerra honetan etsai ziren Fructuoso Riveraren jarraitzaileen artean ere euskaldun asko aurkituko ditugu. Bederatzi urtez Montevideo hirian setiatuak egon ziren. Gehienak Iparraldeko euskaldunak, ohiturari jarraituz Euskal Ehiztarien taldea osatu zuten. Bere buruzagia Jean-Baptiste Brie de Laustan Izpuran (Baxe Nafarroa) jaio zen eta Uruguaira 1838.ean joan zen. Bertan gerra zibilak -“Guerra Grande” (1843-1852)- eztanda egin zuenean “Euskal Ehiztari”en buru hautatu zuten. Frantzisko bere anaiaren kide izan zen euskal emigrazioa sustatu zuen enpresan.

“Leopoldina Rosa” fragataren urperatzea da gure erakusketaren ardatzetako bat. 1842.eko ekainean Uruguaiko itsasertz parean, “Leopoldina Rosa” hiru mastadun ontzia urperatu zen. Baiona eta Pasaiatik apirilean abiatutako 300 euskal emigranteetatik 70 bakarrik salbatu ziren.

Espedizio honen emigrazioa agentea Alfredo Bellemare izan zen, Samuel Fisher Lafone britainiarraren “Lafone & Wilson” enpresaren ordezkaria Baionan. Lafone, bankari eta enpresaria, “Lafone and Wilson” Rio de la Platara euskal emigrante gehien eraman zuen enpresaren sortzaile eta “Leopoldina Rosa” fragataren jabea zen. Buenos Airesen kokatu zen 1825.ean. Handik Montevideora alde egin zuen 1833.ean, erritu protestantez ezkondu zenean. Bankari eta enpresa gizona, Hegoamerikako lehen eliza protestantea eraiki zuen Montevideon 1844.ean. Bere negozio anitzek jabetza haundien nagusi egin zuten Punta del Este inguruan eta baita hainbat uharteetan ere, Malvinetan eta Rio de la Platan.

Uruguaira emigratu zuen euskaldunik ezagunena, zalantzarik gabe, Jose Mari Iparragirre izan zen. Domingo Ordoñana  Iparragirre arabarrak  Uruguaira 1842.ean emigratu zuen, bere osaba Juan Antonio Porruaren etxera. l860.ean Sorianoko departamentuan estantzia baten jabe egin zen eta aberastu. Han jaso zuen bere lehengusu Iparragirre koplaria, 1859.ean”Casa Blanca” izenako estantzian. Iparragirrek Ordoñanaren ardien artzaintzan jardun zuen, 1859tik 1861ra. Ostean Montevideora joan zen, Kafetegi batez arduratzera, baina laister porrot egin zuen. Hainbat urtez artzaintzan Uruguain jardun ostean, familia bertan utzi ondoren Euskal Herriratu zen 1877an.

Baina izan ziren gure artean hain ezagunak ez diren euskal emigranteak Uruguain. Juan Manuel Besnés e Irigoyen Donostian 1788ko uztailak 12an jaio zen eta Montevideora 1809an iritsi zen. Han maisu egin zen eta hiriburuko lehenengo hezkuntza instituzioak sortzen parte hartu zuen. 1839.ean Rivera lehendakariak Topografia Batzordeko kide hautatu zuen. Administrazio publikoan beste hainbat kargu bete zituen. Baina bere lanaren garrantzia kaligrafo, marrazkilari eta akuarelista bezala egindakoan datza, izan ere, XIX. mendeko Uruguain bizi izan zituen gertaera politiko, militar eta kultur arlokoak grafikoki jaso zituen lekuko nagusia bihurtu baizen. Gainera bere jaioterriarekin harremana mantendu zuen eta egun San Telmo Museoak berak bidalitako hainbat pieza gordetzen ditu, Donostiarekiko mantendu zuen loturaren eredu.

Gainera Uruguain argitaratu ziren Ameriketako lehen testuak euskaraz (1843) eta lehen euskal aldizkaria (1887). Baita lehen euskal etxea, “Laurac Bat” (1876) eta porrot egin zuten emigranteentzat itzultzen lagunduko zien elkartea: Caja Vasco Navarra de Reempatrio (1883).

Uruguaira jo zuen euskal emigrazioa garrantzitsua izan zen XIX. mendean. Egun oso urria da, baina euskaldunen ondorengoak biztanlegoaren % 10 osatzen dute. Herrialdean 12 euskal etxe daude, horietatik 3 Montevideon.

Hona hemen gure aldi baterako erakusketan sakon jorratzen dugun gaietako bat.



Komentarioak

  • Leopoldina Rosa

    HERRIA astekarian 3189 eta 3190 aleetan agertu genituen bizirik atera ziren iparraldeko emigranteen izen batzuk.
    Baita ere "Leopoldina Rosaren Hondamena" deitu 16 bertso Joanes Etxeto edo Katxo izenez ezaguna zen Hazpandar bertsulariak idatziak eta Montevideon agertuak 1842ko uztailaren 16ean.

    Monika Legarto (Donapaleu, Nafarroa Beherea), 2019/10/02 19:17

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia