euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako Victorian ere, beste kolektibitateetako kideekin bateginik ospatu zuten euskaldunek Immigrantearen Eguna

2008/09/22

Victoriako Euskal Etxeko ordezkariak eta beste taldeetako kideak Immigrantearen Egunean
Victoriako Euskal Etxeko ordezkariak eta beste taldeetako kideak Immigrantearen Egunean

PUBLIZITATEA

“Gure arbasoen kultura zabaltzeko helburuarekin jaio gara”, kontatzen zion iaz Fabián Zorzabal Victoriako Haritz Euskal Etxeko lehendakariak erakundearen sorrera. Nahiz eta Victorian euskaldun asko egon izan diren, eskasa zen geure kultura eta historiari buruzko ezagutza, eta taldea buru belarri hasi zen egoera honi buelta eman nahirik. Euskal etxeak bere lekua lortu du orain hirian eta elkarlanean ari dira gainerako gizataldeekin. Horren adibide, Immigrantearen Eguna ospatzeko egindako ekitaldiak.

Victoria, Argentina. Duela urtebete Victoria hiriko euskaldunek, Entre Rios probintzia argentinarrean, euren indarrak batu zituzten eta euskal etxea sortzea erabaki zuten. Haien artean antolatu zuten lehenengo ekintza Immigranteen Enparantzan plaka bat ipini eta haritz bat landatzea izan zen. Hil honetan euren engaiamenduaren froga berri bat eman zuten eta Victoriako beste kolektibitate batzuekin elkartu ziren immigranteei omenaldian parte hartzeko.

Helburu horrekin, irailearen 4an, goizeko hamarretan, italiar, espaniar, brasildar eta euskal kolektibitateak herriko enparantzan bildu ziren, bakoitza bere banderarekin. Lore-sorta utzi ondoren, elkarte italiarreko ordezkariek data garrantzitsu honi buruzko hitz batzuk esan eta poema bat irakurri zuten.

Victoria Argentina Centro Vasco Dia del Inmigrante 2008 2
[Immigrantearen Egunean egin zen ekitaldiko une bat. Bertaratukoen artean Haritz Euskal Etxeko ordezkariak]

Euskaldunek ere euren tartea izan zuten, Fabián Zorzabal euskal etxeko lehendakariak egin zuen mintzaldiarekin. Zorzabalek leku askotatik etorritako jendeak lur berri hauetan egin zuen ahalegin gogorra ekarri zuen gogora. Ekitaldi honekin kolektibitateetako kideek etorkizunari begira elkarrekin lan egiteko konpromisoa hartu zuten.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia