euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

ENE: Boiseko bideo ederra, Sydneyko Gure Txokoa, Berlingo kantzelatze erotikoa eta Estitxuren kontzertua Mallorcan

2021/12/03

Estitxu Pinatxo kantari nafarrak kontzertua eskainiko du gaur Mallorcako Euskal Etxea antolatzaile ENE eta Nafarroaren Eguna ospatuz
Estitxu Pinatxo kantari nafarrak kontzertua eskainiko du gaur Mallorcako Euskal Etxea antolatzaile ENE eta Nafarroaren Eguna ospatuz

PUBLIZITATEA

Boise, Idaho, AEB. Beste artikulu batera bildu ditugu munduan abenduaren 3 honetan Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) dela eta antolatu diren hitzorduetako asko. Egiari zor, 1930an Eusko Ikaskuntzak abenduaren 3a --tradizioak dioenez San Frantzisko Xabier 1552an euskara ahotan hil zen eguna-- Euskararen Eguna izango zela erabaki ondoren, ondoko hamarkada luzeetan frankismopean Diaspora eta euskal etxeak izan zituen egun ENE denak sostengu, akuilu eta agertoki nagusi, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak 1995ean data ofizialdu zuten arte, geroztik hainbat instituzio udal mailetik Euskal Herri mailara gehitzen joan baitzaizkio, euren egutegietan sarturik.

Hamaika baitira 2021ean ere euskararekin jolastuz, euskara aldarrikatuz, erabiliz eta euskararen apustua egin eta berretsiz Euskal Herri osoan abenduaren 3an eta inguruko egunetan antolatutako ekitaldiak. Talde herrikoietatik EJraino. EuskalKulturan bestela gehienetan oihartzun berezirik lortzen ez duten Diasporako ekimenei zabalkundea emateko dugunez xede, munduan ENE ospatuko den lau toki hautatu ditugu. Horietako lehena bideo formatoan datorkigu, AEBko Boisetik, eta hauxe da:


Boisetik, Todor Azurtzaren eskutik, komunitate-ahalegina dario zabaldu duten bideoari. Ondo, Boise!

Artikulua sobera luzatu nahi ez dugunez, bigarren kasua aipatuz, esango dugu Australian, Sydneyko euskal komunitatekoek Gure Txoko Euskal Etxearen egoitzan ospatuko dutela, larunbatarekin, abenduaren 4an beraz, Euskararen Nazioarteko Eguna, eta euskaldunen ohiko moduan, eurak prestatutako otordu batekin, mahaiaren inguruan, topa eginez euskara mihian eta bihotzean.

Berlingo Euskal Etxearen kasuan, asmoa ederra eta diferentea zen, baina --agendan eta beste artikuluren batean gogoratu dugunez-- COVID-19agatiko egoera medio azkenean duela bi egun bertan behera utzi behar izan dute gaurko prestatuta zeukaten 'Sua' poesia erotiko irakurketa, eta ondoko txokolatealdia eta basoerdia, hiriko euskara ikasle eta irakasleak partaide. Domaia, baina osasuna zaintzea eta autoritateen aginduak betetzea lehentasun.

Eta lau hitzorduetako azkenak Mallorcara garamatza. Bertan, uharteetako 'Artea' Euskal Etxea antolatzaile, gaurko ekitaldiak Euskararen Nazioarteko Eguna eta Nafarroaren Eguna ospatuko ditu buruz-buru, eta Estitxu Pinatxo kantari beratarraren kantaldi baten inguruan ardaztuko da. Giro euskaltzale aparta agindu dute Arteakoek. Zorionak guztiei!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia