euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Emaitza onez bihurtu ditu online Viña-Valparaisoko Eusko Etxeak lehen aurrez-aurrekoak zeuzkan euskara klaseak

2020/05/20

Viña-Valparaisoko Euskal Etxeak online eskolak eskaintzen ditu 2020 ikasturtean, interesatuek euzkoetxeavinadelmar@gmail.com helbidera idatz dezakete
Viña-Valparaisoko Euskal Etxeak online eskolak eskaintzen ditu 2020 ikasturtean, interesatuek euzkoetxeavinadelmar@gmail.com helbidera idatz dezakete

PUBLIZITATEA

Viña del Mar-Valparaíso, Txile. Munduko beste hainbat lekutan bezala, Viña del Mar-Valparaisoko Eusko Etxean, aurrez-aurreko euskara eskolak birtualak bihurtu behar izan zituzten, aurrera egiteko beste aukerarik ezean. Modu berria antolatu eta abiatzeko prest uzteak bere lana hartu zien, baina aurtengoa bertan irakasle bostgarren ikasturtea duen Leire Martinez de Luco iruindarraren aburuz, klaseak ez dira batere gaizki hasi, "dozena bat ikaslerekin, horietatik sei berriak", eta beraz zentzu horretan koronabirusak "on egin die" euskara eskolei, diosku irribarrea ezpainetan.

Astean bi orduko klaseak eskaintzen ditu oraintxe Leirek: "bat, materia emateko" eta "bigarrena, praktika eta etxeko lanen zuzenketarako". Munduko beste euskara irakasle askok bezala, ikasgela birtuala ere badauka eta "bertara material guztia, irudiak, ariketak eta klaseen grabazioak ere" igotzen ditu, inork klaserik gal ez dezan. Berri aipagarri gisa aurkeztenn digu aurten ikasle-kopurua ia bikoiztu izana, online aukerek gora egin dutelako eta "erosoagoa delako klaseak etxetik segitu ahal izatea". Puntu ahulak ere baditu, ordea, tartean "mugikor edo ordenadoreen konexio kalitate gorabeherak", horrek "etenak eta eroso ez sentitzea ekar baititzake".

Sare bidezko klaseek urrunago bizi diren ikasle berriak ere erakarri ditu. Rony Elizondo Rojas Ovallekoa da, Coquimbo erregiokoa --errepidez 350 bat kilometro iparralderago-- eta "oso pozik" dago, onlinetasunak klaseak segitzeko aukera ekarri baitio. "Leire irakasle eta pedagogo ona da, klaseetan seriotasuna eta errespatua dago elkarrekiko eta ikasten ari naizela sentitzen dut", esan dio EuskalKultura.eus-i. Aurretik ikasle zen Antonia Fernandez-entzat ere oso onugararria izan da pandemia garaian klaseekin segitu ahal izateko: "nire kasuan ere bereziki eskertzen dut, orain Santiagon bainago eta hemendik segitu ahal izan baititut saioak, oso gustura gainera", adierazi dio EuskalKultura.eus-i.

-Euskara klaseak Viña-Valparaisoko Euzko Etxean: argibideak euzkoetxeavinadelmar@gmail.com helbidera idatzita



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia