euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskadiren Argentinako Ordezkari Kortajarenak Mexiko 1880ko euskal egoitza bisitatu du Buenos Airesen

2010/04/09

Kortajarena Ordezkaria erdian, Maria Elena Etcheverryren ondoan, Mexiko 1880ko euskal egoitzara asteartean egin zuen bisitaren baitan.
Kortajarena Ordezkaria erdian, Maria Elena Etcheverryren ondoan, Mexiko 1880ko euskal egoitzara asteartean egin zuen bisitaren baitan.

PUBLIZITATEA

Aurrera darrai Elvira Kortajarena Euskadiren Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguaiko Ordezkari berria bere lan-arlo den eremuko euskal etxe guztiak bisitatzearren daraman ibilbideak. Joan den asteartean, Kortajarena Buenos Aires bereko beste hiru elkarte --Ekin argitaletxea, Euskaltzaleak eta Eusketxe-- bisitatu zituen, horietarik azken biak Eusko Jaurlaritzak Euskal Etxe gisa erregistratuta dituen erakunde. Bisita egiterakoan, elkarteetako buruzagitzak egin zioten ongietorria eta eraikinak biltzen dituen eta bertan garatzen diren ekimenak azaldu zizkioten. Ordezkaria Mar del Platara lerratuko da gaur, bertako euskal etxea bisitatu --aurtengo Argentinako Euskal Aste Nazionaleko antolatzaile da Mar del Platako Denak Bat-- eta turismo arloko aurkezpen batean parte hartzeko, Euskal Autonomi Erkidegoa Argentinako turismo profesionalei azaltzearren.

Buenos Aires, Argentina. Eusko Jaurlaritzaren Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguairako Ordezkaritzatik beretik laburbildu zaigunez, Elvira Kortajarena joan den asteartean bildu zen Buenos Airesko Mexiko 1880 helbidera, bertan egoitza daukaten Ekin Euskal Argitaletxea, Euskaltzaleak elkartea eta Eusko Kultur Etxea bisitatu eta bertatik garatzen den kultur lan zabala gertuagotik ezagutzeko.

Horretarako hiru erakundeotako buruzagi arduradunak errezibitu zuten eta eurekin eraikin osoa ibili zuten, Ordezkariak lehenengo eskuko informazioa bildu ahal izan zuelarik egunero eta etengabe bertan egiten diren ekimenez, gehien bat euskara eta euskal kultura arloan, baina tartean dantzak, kantua, tailerrak, hitzaldiak, erakusketak eta beste hainbat, beti ere elkarteotako indarra diren Buenos Airesko euskaltzaleen engaimendu etengabearen bultzada medio.

Gaur ostirala, Elvira Kortajarena Mar del Platara mugituko da, bertan, batetik Denak Bat Euskal Etxea bisitatuko duelarik, berau baita aurtengo Euskal Aste Nazionaleko antolatzaile. Eta bestetik, Ordezkariak parte hartuko du gaur iluntzean kostaldeko hiri horretako hotel batean turismo arloko profesionalen aurrean Euskal Autonomia Erkidegoaz egingo den aurkezpenean (ikus agenda).



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia