euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporako zaleei ere agur esango die Oinatz Bengoetxeak, Bartzelona, San Frantzisko eta Chinon jokatuko dituen partidetan

2022/07/06

Bengoetxea VIren Agur Biran Ibai Zabala, Iñaki Lizaso eta Jon Erasun arituko dira
Bengoetxea VIren Agur Biran Ibai Zabala, Iñaki Lizaso eta Jon Erasun arituko dira

PUBLIZITATEA

San Frantzisko, AEB. Pilotari leitzarra azken agurra ari zaio ematen pilota profesionalari ia bi hamarkadako ibilbide arrakastatsua egin ondoren. Baiko enpresarekin jokatu zuen azken partida otsailean izan zen, Iruñeko Labriten, 2002an bere lehenengo partida profesionala jokatu zuen pilotaleku berean. Aste honetan Diasporako lagunak bisitatuko ditu azken agurra emateko biran: lehenik, San Fermin egunean bertan, Bartzelonako Nafarren Etxeko frontoian jokatuko du, eta ondoren San Frantziskon eta Chinon.

Uztailaren 7an Bartzelonako Nafarren Etxeak antolatzen duen San Fermin Pilota Jaialdian parte hartuko du. Oraingo honetan lau partida jokatuko dira Nafarren Etxeko frontoian: alebinak, kadeteak eta senior mailako bi. Horietako batean, Bengoetxea VI.ak, Andoni Arrasaterekin batera, Asier Arribas eta Jon Erasun izango ditu aurkari. Sarrera doan izango da bazkideentzat, bazkide ez direnek 5 euro ordaindu beharko dituzte.

Birak Estatu Batuetan jarraituko du. Uztailaren 9an, larunbata, San Frantziskoko Basque Cultural Center-ek Esku Pilota Jaialdia antolatu du. Ekitaldia partida honekin hasiko da arratsaldeko 5etan. Bertan, leitzarrarekin batera, Ibai Zabala, Iñaki Lizaso eta Jon Erasun arituko dira. Pilotariei despedida afari bat eskainiko zaie, Gure Euskal Etxeko bazkide eta lagunei irekia. Azkenik, uztailaren 13an, asteazkena, pilotariek Chinon jokatuko dute, Chino Basque Clubek antolatutako saioan.

Oinatz Bengoetxea historian zehar Buruz Buruko, Lau t 'erdiko eta Binakako txapelketak irabazi dituzten 8 jokalarietako bat da. Bi titulu lortu ditu buruz burukoan (2008 eta 2017), bat Lau t 'erdian (2016), bat binakakoan (2015), bi Nafarroako Lau t' erdikoan (2011 eta 2012), eta bat Buruz Buruko Masters-ean (2010). Gainera, Lau t 'erdiko (2012) eta Binakako txapeldunorde izan da beste bitan (2005 eta 2017).

San Frantziskoko afarirako lekua erreserbatzeko, Tony Huarterekin harremanetan jarri telefonoz (415-535-9959) edo posta elektronikoz: tonyhuarte@gmail.com.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia