euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Deia Argentinatik: 17 urteko mutiko batek euskaran eta dantzetan sakondu nahi luke EHan: lekua egingo al zenioke?

2023/03/20

Unai Hernández Minaberry lagun dantzari batekin 2022ko Buenos Airesek EH ospagai, BAC saioan
Unai Hernández Minaberry lagun dantzari batekin 2022ko Buenos Airesek EH ospagai, BAC saioan

PUBLIZITATEA

Tandil, Argentina. Euskal Herrian euskara eta tokian tokiko euskal dantzak ikasi eta trebatzeko aukera, hori da Argentinako Tandilgo Euskal Etxetik Unai Hernandez Minaberry gazteak luzatzen duen deia eta eskabidea. Dagoeneko aski trebea da euskal dantzetan eta euskara kontuetan ere poliki hasia da, izan ere irakaslea eta giroa etxean bertan baititu, Carolina bere ama, euskal-argentinarra hau ere, euskara irakaslea baita Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxean.

Aurten 18 urte egingo dituen Unaik argi dauka: datorren urtean, Euskal Herrian bertan murgilduz nahi ditu pauso berriak eman beretzat garrantzi handikoak diren euskaran eta euskal dantzetan. Amaren aldetik, Euskal Herriko erroak Baxenabarreko Ortzaizen dauzka Unaik. Orain, Argentinan euskal etxe eta euskal dantza talde bateko parte hazi izanak, gehiago eskatzen dio Unairi: urrats berriak ematea, eta Euskal Herrira joanik bertan euskal giroan bizitzea eta euskara eta probintzia bakoitzeko dantzetan ahal beste sakontzea.

Hilabete zazpi probintzietako bakoitzean ikasle

Hona Unaik plazaratzen duen eskabidea: "Kaixo. Nire izena Unai Hernández Minaberry da eta 17 urte dauzkat. Baionan jaio nintzen baina Argentinan bizi naiz urte bat nuenetik. Tandilgo euskal etxearen dantza taldean dantzatzen dut txikia nintzenetik eta euskal kultura eta hizkuntza asko interesatzen zaizkit, honegatik, Euskal Herriko probintzia bakoitzetako dantza tipikoak ikastea eta hobetzea gustatuko litzaizkidake. Hau lortzeko, Euskal Herrira bidaia egitea eta hilabete batzuk egotea da nire asmoa. Guzti hau, gero, Argentinara etorriko nintzenean, Argentinako euskal dantza taldeei irakasteko eta partekatzeko ikasitakoa".


Unai Tandilgo Euskal Etxeko Dantza Taldeko lagunekin

Bere hitzak dira, eta argi eta garbi erakusten dute duen asmoa. Datorren urtean, dagoeneko 18 urte dituela, Euskal Herrian hilabete batzuk eman nahi lituzte, euskal dantzak eta kultura maite dituzten etxe euskaldunetan. Familia etxeetan nahiko luke egon eta lekua hartu tokiko dantza talderen batean, hilabete inguru etxe eta probintzia bakoitzean, bertako dantzak ikasteko, ondoren Argentinara itzulitakoan bertan irakasteko. Orain arte heldu zaizkio proposamen batzuk Iparraldetik, baina Hegoaldean ere nahi lituzke. Proiektuan lagun dauka bere familia.

Idatz iezaiozu eta galdetu edo proposatu

Espainola eta frantsesa menperatzen ditu, eta euskal giroan bizi eta euskara bere egitea du amets. Handia da bere gogoa, baina Euskal Herriko familia batzuen laguntza eta bultzada behar du ametsa egia bihur dadin. Laguntzeko moduan ikusten baduzu zeure burua edo xehetasunak nahi badituzu, kontaktatu Unairekin emailez unihernandez22@gmail.com helbidean; edota whatsappez, +54 9 249 4209 329 zenbakian. Instagram: www.instagram.com/unainhm. Eskerrik asko aldez aurretik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia