euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Airesko Laurak Bat, venezuelar kolektibitatearen aldeko ‘Bien abrigados’ kanpainako partaide eta egoitza

2020/06/30

Laurak Bat venezuelar kolektibitatearen aldeko ‘Bien abrigados’ kanpainaren egoitza
Laurak Bat venezuelar kolektibitatearen aldeko ‘Bien abrigados’ kanpainaren egoitza

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Hiriburu argentinarreko Laurak Bat Euskal Etxea ‘Asoven’ elkarte venezuelarrak antolatutako ‘Bien abrigados 2020’ ekimen solidarioko egoitza izan da joan den asteburuan. ‘Bien abrigados 2020’ izeneko ekimenaren baitan, errefuxiatuen aldeko ‘ACNUR’ Nazio Batuen agentziak bidalitako dohaintzak jaso, bildu eta banatu zituzten Laurak Bateko lagunek, Arantxa Anitua lehendakaria ere zuzeneko arduradun.

Anitua beraren esanetan, “Buenos Airesko kolektibitateen sareko gainerako gizataldeekin dugun engaiamendua adierazi nahi izan dugu. Elkartearen erabakia izan zen eta nire ustez erabaki horiekin zintzo egin behar dugu bat, horregatik ni neu joan nintzen –momentu honetan gure zaharrak zaindu egin behar ditugu– lehendakari gisa baina ez soilik ordezkari instituzional moduan, baizik eta kutxak altxatu eta antolatzeko ere”.

“Lana Eduardo Olivetto eta Belen de Aguirrerekin batera egin dugu. Nire ustez zuzendari berriak trabatzeko esperientzia polita ere izan zen. Euskal Etxe bat zuzentzean batzuetan euskal kultura zabalduko duzu eta beste batzuetan hau bezalako ekintzak egitea tokatuko zaizu, honek ere zerikusi handia duelako elkartearen ibilbidearekin”, azpimarratu du FEVAko lehendakaria ere baden Arantxa Anituak.

Aipatzekoa da Buenos Aires hiriburuko 1. Komunan bizi diren venezuelarrak San Ignacio Parrokiara ere joan zitezkeela horniduren bila. “Eta bertako Baigorria apaiza", jakinarazi digu Anituak, "oso pozik jarri zen gu ere ‘saltsa’ honetan sartuta geundela jakitean”.

‘Asoven’ elkarteko jendeak esker beroak adierazi dizkio sare sozialetan Laurak Bat-i euren laguntzagatik. Euskal elkarteak ez du batere baztertzen etorkizunean antzeko ekintza gehiago egiteko ideia.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia