euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bogotako Euskal Etxeak ekimen berriekin ekingo dio 2008ari: hitzaldiak, Gernika kultur parkeko kulturaldiak...

2008/01/14

Bogotako Euskal Etxeko kide batzuk
Bogotako Euskal Etxeko kide batzuk

PUBLIZITATEA

Ekimen eta proiektuez beteriko urtea itxi berri dute Bogotako Euskal Etxea osatzen duten euskal-kolonbiarrek. 2007an zehar euskal etxearen egoitza inauguratu dute, Ibarretxe lehendakariak Jesus Galindezen omenezko eskultura zabaldu du Gernika parkean eta gastronomia aste arrakastatsua egin dute, besteak beste. Urte berrian ere maila berarekin jarraitzeko asmoa agertu dute eta dagoeneko elkartearen erronka berriak izango direnak aurkeztu dituzte: txokoa eta liburutegi bat eraikitzea euskal etxean, 5. Euskal Astea antolatzea eta Gernika Kultur Parkea sortzea, tartean.
Bogotako Euskal Etxeak urte joan berrian utzitako arrastotik ekin nahi izan dio 2008ari eta aldi berrirako aurreikusi duen ekimen-sorta zein izango den azalduz inauguratu nahi izan du ikasturte berria. EuskalKultura.com-era bidalitako idatzian Jose Vicente Katarain lehendakariordea eta Francisco Espinosa Iragorri zuzendari exekutiboa pozik agertzen dira iaz burututako ekintzekin eta elkarteak bere buruari finkatutako erronkak zeintzuk izango diren aipatzen dute.

Aurkezturiko proposamenen artean Euskal Etxearen egoitza eraikitzen eta zabaltzen jarraitzeko asmoa dago. Hala, Bogotako euskaldunek Euskal Etxearentzako 'txoko bat diseinatu, eraiki eta inauguratzeko' asmoa agertzen dute, eta baita ere 'finantziamendu nahikoa lortuz gero', 'areto nagusia eta liburutegia diseinatu eta eraikitzeko'. Areto hauek elkarteko bileragune izango dira eta erakundeak dagoeneko antolatzen dituen mintzaldi eta zinema erakustaldiak hartuko dituzte/lituzkete.

Kultura Gernika parkean

Elkartearen ekimen nagusienetako bat egoitzaren ondoan dagoen Gernika parkearen berrikuntza da, alegia parkea eraberritzea eta erakusketak eta kultur ekitaldiak hartuko dituen gunean birmoldatzea. Elkarteak Clara Labordek eginiko diseinua lortu du dagoeneko, eta Bogotako hiri arduradunei aurkeztu die. Ibarretxe lehendakariak ere proiektua ezagutzeko aukera izan zuen parke honetan Xabier Santxotena zizelkari nafarraren eskultura inauguratu zuenean, joan den urrian.

Urtarril honetan bertan Euskal Etxeak 'hezkuntz misio' bat egingo du, Euskadiko Ezagutzaren Klusterrarekin batera. Irail hondarrean, berriz, V. Euskal Astea antolatuko du. Era berean Kolonbiar eta Bolivariar Astearen data eta egitaraua finkatzen hasiko dira. Aste hau Euskal Herrian egingo da 2010eko uztailean, seguruenik, duela 200 urte Kolonbiako independentziari hasiera eman zion iraultzaren urteurrena gogoratuz.

Euskal munduari buruzko mintzaldiak

Euskal Etxeak, bestalde, Minuto de Dios Unibertsitatearekin batera, kooperatiben munduari buruzko ekimena aurkeztuko du. Ekimen honek Mondragon Unibertsitatearen, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Deustuko Unibertsitatearen babesa du, euskal-kolonbiar iturriok azaldu dutenez. Era berean elkarteko kideek euskal munduari buruzko mintzaldiak emateko asmoa agertu dute; kasu honetan Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentruaren eta Eusko Ikaskuntzaren babesarekin.

Beste ekimen batzuk Kolonbiako I. Euskal Pilota Txapelketaren antolakuntza sustatzea eta eskualde mailako kolonbiar telebistekin EiTBren Canal Vasco nazioarteko seinalea eskuratzeko akordioak bultzatzea dira.

2007 urte bizia

Euskal Etxeko arduradunak oso pozik agertu dira 2007 urteaz. Aurretik aipaturiko Ibarretxe lehendakariaren bisita, euskal etxearen inaugurazioa bera... iaz eginiko sona handiko ekitaldietako batzuk baino ez dira. Euskal elkarteak gainera Gernika Gogoratuz Bakearen Ikerketa Zentroko arduradunak hartu zituen eta Tontxu Campos Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ere bisita egin zuen Bogotara eta herrialde barrualdera.

Euskara ikasteko Boga sistema eskaintzen hasi zen baita ere Euskal Etxea. HABE institutuaren laguntzarekin, jende aldetik arrakasta handia izan zuen euskal aste gastronomikoa egin zuen. Bestalde, elkarteak babesten duen haurren koruak ere urte ona izan zuen (elkarteko lehendakari Nicolas Echevarriak ekonomikoki laguntzen du korua eta Genaro de Gamboak eta Vilma Parra bazkideek gobernatzen dute).


Lotura interesgarriak

Bogotako Euskal Etxea
www.euskaletxeacolombia.com

Euskal Zinema Garaikidearen Erakustaldia Bogotan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko azaroaren 5ean

Ibarretxek Bakearen aldeko eskultura inauguratu zuen Bogotan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 15ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia