euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bibiñe Belausteguigoitia: Mexikon erbestean hazia, Euskadiko Tenis txapelduna eta orain senior tenislaria

2008/02/26

Bibiñe Belausteguigoitia Bilbon (argazkia Deia)
Bibiñe Belausteguigoitia Bilbon (argazkia Deia)

PUBLIZITATEA

78 urterekin Bibiñe Belausteguigoitia bilbotarrak energia eta bizitzeko grina bor-bor ditu. Erbestean hazi zen, Mexikon, bere aita herrialde honetan Euskadiko ordezkaria izan zelarik. Mexikon euskara eta tenisean jolasten ikasi zuen Bibiñek. Londresetik igaro ostean familia Bilbora bueltatu zen 1948an eta Bibiñe Euskadiko Tenis Txapelduna izatera heldu zen. Bera izan zen txapela eskuratu zuen lehen emakumea. Orain tenisean jolasten jarraitzen du gogotsu, senior zirkuituan. 'Egia da batzuk bihotzekoak jota hiltzen direla, baina askoz gehiago dira (adin honetan) kirola egitearen onurak gozatzen dituztenak', dio berak, baikortasunez eta bizipozez gainezka. Jarraian Deia egunkariak eginiko elkarrizketa itzuli eta laburtzen dugu.
Bibiñe Belausteguigoitia ahaztu ezin diren emakume horietakoa da, delako bere bizitza interesgarriagatik edo delako bere bizipoz eta zolitasunagatik. 'Socorroko markesa, Athletic-eko jokalari mitikoen familiakoa, gerrak erbesteratua eta emakume aurrerakoia, beti pauso bat bere belaunaldiaren aurretik', deskribatzen du artikuluan Jon Mujika kazetariak.

Izan ere, Bibiñeren bizitzak nornahi lilura dezake. Bere aita Athleticekin ibili zen futbolean baina medikua zen lanbidez. Minbiziaren aurkako lehen tratamenduak ikasi zituen Pariseko Pasteur Institutu famatuan, Madame Curieren laguntzaile zen Lassagnerekin, eta erradioa Bilbora ekarri zuen lehena izan zen. 36ko gudak behartuta familia erbestera joan zen, Mexikora. Aita bertan Euskadiko ordezkaria izan zen.

Gaztaroa Mexikon

Herri iparamerikarrean Bibiñek euskaraz hitz egiten zuen, sustraiak ez galtzeko. 'Euskara ez zen nire gurasoen ama hizkuntza, baina beraiek ikasi egin zuten. Eta hizkuntza ez galtzeko erronka hartu zuten', gogoratzen du. 'Etxekoen artean gazteleraz hitz egitea debekatuta genuen; bost xentimoko isuna ordaindu behar genuen hizkuntza horretan hitz egiten harrapatuz gero. Beti gogoan genuen herriaren sustraiak ez galtzeko modu bat izan zen'.

Mexikon euskal komunitatearen ekimenetan parte hartu zuen Bibiñek, horien artean Euskal Etxearen bizitzan. 'Gure etxean bizi zen Aurelio Arteta margolariak ere brotxa lodia hartuta lagundu egiten zuen', gogoratzen du. Kirolak ere bere gaztaroko ordu asko bete zituen eta Bibiñe eta bere ahizpa tenisean nabarmendu ziren.

Euskadiko txapelduna

Londresetik pasa ostean, familia Bilbora bueltatu zen 1948an, eta bi neskatilen jarrera eta arropek --gona motzak tenisean aritzeko, bainujantziak hondartzarako-- atentzioa deitzen zuten. Bibiñe, Euskadiko Tenis Txapelketa irabazi zuen lehen emakumea izan zen. AEBetako kontsulatuan lan egin zuen eta Socorroko markesarekin ezkonduta zazpi seme-alaba izan zituen. Egun, indar eta gogo berarekin, teniseko senior zirkuituan lehiatzen da.

'Batzutan neure buruarekin haserretu egiten naiz, ez dudalako lehen bezala ikusten, baina nire taldekideak oso jatorrak dira. Tenisean jokatu eta pozik gelditzen zara. Bizitza hobea dela ematen du, amorrua kentzen duzu, lasaitu egiten zara', azaltzen du. 'Gaur egun ere, lagun onak ditut zirkuituan, baina onartu behar dut kantxa barruan ez dudala inor ezagutzen. Irabaztea baino ez dut nahi. Lehia horretarako da'. Adin horretan kirola egiteak izan dezakeen arriskuari buruz, zalantzarik ez du. 'Nik 90 urtetako kirolariak ezagutu izan ditut. Sekretua zerbaitetarako interesa duzun da. Ezin dut ulertu adinarekin interesa galtzea. Gaitasunak galtzea gerta daiteke, baina ez gogoa'.


Lotura interesgarriak

Jatorrizko elkarrizketa osotasunean
www.deia.com

Mexikoko Euskal Etxearen urteurrena
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko ekainaren 12an

Mexikoko Euskal Etxea
www.centrovascomexico.com

VascosMexico webgune eta zerrenda
www.vascosmexico.com


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia