euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bi stand eta dantza tradizionalekin aurkeztu ziren euskaldunak Buenos Airesko Immigrantearen jaian

2010/09/08

Buenos Aires hiriak antolatutako Immigrantearen jaian bi stand muntatu zituzten euskaldunek (argazkia EuskalKultura.com)
Buenos Aires hiriak antolatutako Immigrantearen jaian bi stand muntatu zituzten euskaldunek (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Euskal Herri osoa egon da ordezkatuta joan den irailaren 5ean Argentinako hiriburuan gauzatutako Immigrantearen Eguneko jaian. Ekitaldian parte hartu zuten beste hogeita bost bat gizatalderekin batera honako euskal elkarteak aritu ziren: Buenos Airesko Laurak Bat, Iparraldeko Euskal Etxea, Eusko Kultur Etxea–Eusketxe, Euskaltzaleak, Ekin Argitaletxea, Ekin Dantzari Taldea eta San Miguelgo Askatasunaren Bidea elkartea. Eta, izan ere, euskaldunen berri emateko aukera polita izan zuten Palermo auzoko basoetan. Milaka lagun pasatu ziren euskaldunek muntatutako standetatik eta musika eta euskara entzun eta abizenen jatorriaz galdetzeaz gain, pintxo ederrak dastatu ahal izan zituzten.

Buenos Aires, Argentina. Aste euritsu baten ondoren eta igande eder batean, joan den irailaren 5ean, euskaldun argentinar talde jendetsu batek hartu zuen bere gain Euskal Herriko kolektibitatea ordezkatzeko ardura Buenos Airesko Immigrantearen jaiaren aurtengo edizioan.

Bi stand muntatu zituzten euskaldunek: bata Laurak Bat Euskal Etxeko kideen esku egon zen. Besteak, berriz, Iparraldeko Euskal Etxea, Eusko Kultur Etxea–Eusketxe, Euskaltzaleak, Ekin Argitaletxea, Ekin Dantzari Taldea eta San Miguelgo Askatasunaren Bidea elkarteetako lagunak batu zituen.

Buenos Aires hiriak antolatutako Immigrantearen jaia 2010 02

[Laurak Bat Euskal Etxeko standean pintxo ederrak dastatu ahal izan ziren (argazkia EuskalKultura.com)]

Buenos Aires hiriak antolatutako Immigrantearen jaia 2010 03

[Iparraldeko Euskal Etxe, Eusketxe, Euskaltzaleak, Ekin Argitaletxe, Ekin Dantzari Talde eta San Miguelgo Askatasunaren Bidea elkarteetako standean, esne goxoak eta arroz-esneak bisitarien arreta harrapatu zuten (argazkia EuskalKultura.com)]

Buenos Aires hiriak antolatutako Immigrantearen jaia 2010 04

[Txistu, txalaparta eta albokaren soinuak ere erakarri zuen publikoa (argazkia EuskalKultura.com)]

Hiriburuko “3 de febrero” parkean Planetario ondoan zegoen eszenatokian, Ekin Dantzari Taldeak euskal dantzak erakutsi zizkion bildutako jende ugariari. 'Agurra' eta 'Arin Bodarin' dantzatu zituzten dantzari gazteek. Baina ikuskizunean zehar ez ziren soilik Argentinatik kanpoko dantzak ikusi.

Buenos Aires hiriak antolatutako Immigrantearen jaia 2010 05

 [Aitor Alavaren gidaritzapean, Ekin Dantzari Taldeko kideek 'Agurra' eta 'Arin Bodarin' dantzatu zituzten (argazkia EuskalKultura.com)]

Jaialdia bukatzeko, kolektibitate guztietako bikote banak, guztion barruan 'kanpoko' eta 'hemengo' zerbait daukagula erakuste aldera, tango eta “chacarera” bat eskaini zituen. Ekitaldiari amaiera emateko Argentinako ereserkia abestu zen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia