euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bi euskal kontzertu eskainiko ditu Lagun Onak Koralak irailean, bere 75. urteurrenaren baitan

2014/09/17

Buenos Airesko Lagun Onak Abesbatza Santisimo Sacramento Basilikako kontzertuan
Buenos Airesko Lagun Onak Abesbatza Santisimo Sacramento Basilikako kontzertuan

PUBLIZITATEA

Euskarazko errepertorioa duten bi kontzertu emango ditu irail honetan honetan Buenos Airesko Lagun Onak Elkarte Koralak, bere 75. urtemuga ospatzeko antolatutako egitarauko parte. Lehenengoa datorren igandean, Buenos Aires-en bertan, La Usina del Arte delako La Boca auzoko Kulturgunean, eta bigarrena, hilaren 25ean, Euskal Echea Eskolako kaperan. Biak musutruke eta sarrera libredunak. 

Buenos Aires, Argentina. Bi emanaldi eskainiko ditu datozen egunotan hiriburu argentinarreko Lagun Onak abesbatzak eta bietan bere berezitasun handienetakoa den euskal errepertorioa aurkeztuko du. Lehenengoa irailaren 21ean izango da, datorren igandean, goizeko 10:30etan, Usina del Arte Kulturguneko areto nagusian, La Boca auzoko Caffarena kaleko 1. zenbakian. Abesbatzarekin batera, euskal dantzariak eta musikariak ere arituko dira tauletan. Sarrera doakoaeta libre, tokia bete arte.

Bigarren emanaldiari dagokionez, datorren asteko ostegunean, hilaren 25ean, izango da, Buenos Aires hiriburuko Euskal Echea Eskolak antolatzen duen kontzertu klasikoen zikloaren barruan. Errezitala Sarandi kaleko 735. zenbakian dagoen Eskolako kaperan izango da, arratsaldeko 7:30etan, Jose Gutierrez txistularia lagun.

75. urteurreneko programa

Miguel Pesce maisuaren zuzendaritzapean, programa oparoa garatu du aurten korala. Urtea bukatu aurretik, beste kontzertu berezi bat emango du, Zuzenbide Fakultatean, Juan Carlos Figueras-en Leyendas Argentinas eta Prokofiev-en Alexander Nevsky kantata aurkezteko. Emanaldia abenduan izango da, baina data zehatza baieztatzeke dago.

Gogora dezagun aurten 75 urte betetzen ari den Lagun Onak-en 2014ko egitaraua apirilean hasi zela, Buenos Aireseko Dekorazio-Arte Museoan egindako Gure Arropa erakusketaren baitan, eta honako egitarau hauekin jarraitu zuela: Brahms-en Requiem, Colon Antzokian, Buenos Aireseko Orkestra Filarmonikarekin; L. Vierne-ren Misa Solemne Santisimo Sacramento delako Basilikan; 'Buenos Airesek Euskal Herria ospatzen du' jaialdia; W. A. Mozart-en la Misa en do menor Usina del Arte Kulturgunean; eta San Inazio omenezko kontzertua, Laurak Bat euskal etxean.

Lagun Onak-entzako lagun berriak

Abesbatzako arduradunek jakinarazi digute abian jarraitzen duela laguntzaileak biltzeko koralak hasitako kanpainak. Koralari lagundu nahi dioten pertsonek urteroko kuota batekin egin ahal dute (200 pesokoa gutxienez), eta honen truke onura hauek izango ditu: abesbatzaren ekintzei buruzko informazioa, beherapenak ezkontza eta beste hainbat ekitalditan koralaren partaidetza lortzeko, abesti euskal argentinarrak dituen cd bat, kide laguntzailearen izena abesbatzaren ikuskizunen programan agertuko da, entseguetara joan ahal izango da eta baita bereziki kideentzat egiten den kontzertu batera ere, beste zenbait abantailaren artean Diru laguntza emateko, formulario hau bete behar da. Elkartearekin kontaktatzeko maila lagunonak@lagunonak.com.ar da.

Lagun Onak-en entseguak astelehenetan eta ostegunetan dira, gaueko 8etatik 10etara Laurak Bat euskal etxean, Belgrano 1144an. Ahots probak entseguetan egiten dira, aldez aurretik hitzordua eskatuz. 



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia