euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bere 25. urteurrenean Las Floreseko Euskal Etxea tokiko euskal pasadizo-bilduma ari da batzen, herriko ikasleak biltzaile

2022/05/04

Euskal historia eta kulturari buruzko hitzaldia izan da lehenengo pausoa ikasleentzat.
Euskal historia eta kulturari buruzko hitzaldia izan da lehenengo pausoa ikasleentzat.

PUBLIZITATEA

Las Flores, Argentina. Hogeita bost urte bete ditu aurten Las Floreseko Loretako Euskaldunak-ek eta aspalditik egiteko gogoz zegoen proiektua jarri du martxan: herriko euskal presentzia islatuko duen eta horren oroimena bizirik mantenduko duen pasadizo-bilduma biltzea, bertara iritsitako euskaldunen istorioak bilduz, tokiko bizitza eta historiako parte. Eta proiektua ez dute bakarrik Euskal Etxeak eta euskaldunek gauzatuko, komunitatea partaide egingo baita. Euskal Etxeko kideekin batera, San Miguel Institutuko irakasle talde bat eta 4., 5. eta 6. mailako ikasleak arituko dira partaide.

Joan den apirilaren 12an, Pablo Arrua irakasleak euskal historiari eta kulturari buruzko hitzaldia eman zien ikastetxeko ikasleei. Hortik abiatuta, literatura-irakaslearen gidaritzapean, norberaren familiako kide den edo Las Floreseko bizilaguna den euskaldun bati buruzko lan bat aurkeztu beharko dute, immigrazio-istorio horiek idatziz erregistratuz eta honela babestuz. Ondoko pausoan, dokumentu bakar batera bilduko dira istorioak, eta Euskal Etxeari pasatuko zaizkio, eurak erabakitzeko ze azkeneko forma eman eta nola sortu pasadizo-bilduma.

Proiektuak hasi besterik ez du egin. Euskal Etxekoak eskola gehiagotara zabaltzeko nahia adierazi dute. Izan ere, "Lehenengo urrats honek arrakasta handia izan du", baitetsi dio EuskalKulturari bertako Graciana Goicoechandiak. “Bapatean euskaldunen pasadizo galdezka ari den ikasle gazte andana azaldu da. Aurretik seguruenik ez zeukaten argi zer zen Euskal Herria, eta orain euskal historiari buruz zerbait gehiago dakite eta euren ekarpena egin dute eurena ere baden tokiko ondare hori bizirik mantentzearren. Euskal presentzia handia da hirian, nahikoa da aipatzea 350 abizen euskaldun zerrendatu direla edota herriko plaza nagusiaren erdian Domingo Harosteguy euskaldunaren monumentua dagoela.

Bere sorreraren 25 urteak bete diren honetan jardun betean ari da “Loretako Euskaldunak”. Ohiko jarduerez gain, Zuzendaritza Batzordeko sei kidek hasi berriak dituzte online euskara klaseak Azulgo irakasle batekin, eta Euskal Etxeak ireki berria du komunitate osoari begira antolatutako hasiera mailako euskara tailerra.

Ez da, ez, marka makala eta ospatzeko modu txarra. Zorionak “Loretako Euskaldunak”!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia