euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Beatrice Mainhaguiet Oillarburu Hego Konoa ezagutzeko ametsa ari da betetzen, euskal diasporako lagunen eskutik

2023/02/16

Beatrice Mainhaguiet, David Birenbaum euskara ikaslearekin, Buenos Airesko Euskaltzaleakeko egoitzara urtarrilean egindako bisitan
Beatrice Mainhaguiet, David Birenbaum euskara ikaslearekin, Buenos Airesko Euskaltzaleakeko egoitzara urtarrilean egindako bisitan

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Beatrice Mainhaguiet Oillarburu Baxanabarreko Uharte Garazin jaio zen duela 56 urte, eta Lapurdiko Itsasun, Euskal Elkargoan egiten du lan, Kultur Sailean. Betidaniko ametsa zuen Beatricek Ameriketako Hego konoa ezagutzea. Sekula ez da berandu eta joan den abenduan, lan eszedentzia hartu eta hiru hilabeteko bidaiari ekin zion, Uruguai, Argentina eta Txilera, bertako paisaiak ezagutzeko, baina, batez ere, hiru herrialde hauetako biztanleen bizimodua, historia eta ohiturak ezagutzeko.

Ez da bere, ordea, bidaia turistiko horietarik. Hego Amerikako kulturara hurbiltzeaz gain, Diasporako jendea bertatik bertara ezagutzea ere badu helburu, beren euskaltasuna nola bizi duten ikustea, nola transmititzen duten Euskal Herritik 10.000 kilometrora. Horretarako, eta kostuak murrizteko hautatu duen formula, bere burua lanerako eskaintzea izan da, ostatu eta janariaren truke. Haurrak zaintzea, euskara edo ingelesa irakastea, garbiketak egitea edo janaria prestatzea, edo adineko jendeaz arduratzea, eta baita landan edo animaliekin lan egitea ere izan dira lolekuaren truke orain arte egin dituenetako batzuk.

Txapela buruan (eta euskara ezpainetan), ibili munduan!

Abendu amaieran Montevideora iritsi zen, eta handik hasi zuen ibilbidea. Ondo moldatzen da gaztelerarekin, baina euskara izan da ateak ireki dizkion giltza. Uruguaiko hiriburuan Andrea Bella irakasleak egin zion harrera eta bertako diasporarekin harremantzeko aukera izan zuen. Buenos Airesen egindako lehen egonaldian David Birenbaum euskaltzalearen familiarekin bizi zen eta David izan zuen gidari, euskaraz, hiriaren txokoak ezagutzeko. Hegoaldean, El Calafatera joan ondoren, Txilen barneratu zen. Argentinara itzulita, Barilochen Paula Cánepa euskara ikasleak egin zion harrera.

Laster iparralderantz abiatuko da, Andeetako lerroari jarraituz. Oraindik zehatz nora joko duen ez badaki ere, San Martin de Los Andes, Mendoza, Valparaíso, Santiago de Chile, Tucumán, Cafayate, Salta eta Atacama nahi ditu ezagutu. Martxoaren bukaera aldera Buenos Airesera itzultzeko asmoa du. Bertatik Tandilera joango da Carolina Minaberry aurrez aurre ezagutzera, azkenean, Carolina izan baita bere anfitrioiak izaten ari direnen harreman katea hasi zuena.

Beatrice zure etxean jaso nahi baduzu, edo berarekin harremanetan jarri, idatzi  beamat.oillarburu@orange.fr helbidera, edo whatsappez +33 648 644767 zenbakira



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia