euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bartzelonako Euskal Etxea kultur zuzendari bila dabil, elkartearen alor horretako ekimenak koordinatzeko

2007/05/26

Euskal Etxeko eskenatokian kontzertuak, zine emanaldiak, poesi irakurtaldiak... izaten dira (argazkia Euskal Etxea Blog)
Euskal Etxeko eskenatokian kontzertuak, zine emanaldiak, poesi irakurtaldiak... izaten dira (argazkia Euskal Etxea Blog)

PUBLIZITATEA

Zinemaldia, Literaldia, EH Sona!... urtean zehar Bartzelonako Euskal Etxeak hamaika jaialdi antolatzen ditu Euskal Herriko musikari, idazle eta zinemagileei euren lana Katalunian erakusteko aukera emanez. Horiez gain, urtean zehar ere egitarau zabal eta anitza dauka, bertako langileek eta kultur taldeak antolatuta. Orain kultur koordinatzaile lana beteko duen pertsona baten bila dabil Euskal Etxea. Eskabideak lehen bait lehen bidali behar dira, lanpostua berehala erabaki eta hastekoa baita.
Kultur koordinatzaile bila dabil Bartzelonako Euskal Etxea, erabakia berehala hartu eta lanean ere berehala hastekotan. Urteko kontratua izan ohi dute Euskal Etxeko kultur arduradunek eta orain arte horretan aritu direnek lan benetan aipagarria egin dute, azken urteotan Euskal Etxeak kultur programazio osatu eta zabala eskaini baitu. Hala sortuak dira, besteak beste, EH Sona!, Literaldia eta Zinemaldia bezalako jaialdiak.

EH Sona! euskal musika jaialdia da eta iaz, adibidez, Anari, Ken Zazpi eta Iker Goenaga bezalako artistak ekarri zituen Bartzelonako agertokietara. Literaldia jaialdi berriagoa da eta bukatu berria duen aurtengo edizioko partehartzaileen artean Koldo Izagirre, Iratxe Retolaza, Iban Zaldua, Koruko Heras, Miren Agur Meabe, Julen Gabiria eta Txuma Murugarren bildu ditu. Zinemaldiari dagokionez, birugarren edizioa astearte honetan hasiko da 'Kutxidazu bidea, Ixabel' eta 'Nomadak TX' bezalako filmeekin.

Askorentzat erronka polit eta erakargarria izan daiteke jaialdi hauen antolaketa eta koordinazioan parte hartzeko aukera. Euskal Etxeak gainera beste ekitaldi mordoa ere eskaintzen du urtean zehar: Korrika, Bertso-afariak, Lumagorri festa, mintzaldiak, Danborrada, Santo Tomas jaia, mus txapelketak... Koordinatzaile eta dinamizatzaileak jarduera hauek antolatu eta garatzeko ardura izango du.

[Goiko irudian azken urtean Euskal Etxeak egin dituen ekitaldietako irudi batzuk, ezker eskuin eta goitik behera: Ken Zazpiren kontzertuko bi irudi; Iker Goenaga trikitilariaren itzala bere emanaldian eta Korrika 15 dela-eta Bartzelonako kaleetan antolatu zen Triki-poteoko giroa (argazkiak Euskal Etxea Blog)]

Bete beharreko baldintzak

Lanposturako Euskal Etxeak honako baldintzak markatzen ditu besteak beste: egiazta daitekeen eskarmentua antzeko posturen batean; lan-taldeak antolatzeko eta dinamizatzeko ahalmena; pertsona ordenatua, dinamikoa eta ekimentsua izatea; ikasteko eta egoeretara egokitzeko gaitasuna; lanak lehenesteko eta planifikatzeko gaitasuna; ofimatika-ezagutzak erabiltzaile mailan eta katalanez idatziz eta ahoz komunikatzeko gaitasuna.

Hautagaien ezaugarrietan honokoak ere balioetsiko dira: euskal kulturaren ezagutza; euskara jakitea, antzeko kultur elkarteetan jardun izana edota ekintza boluntarioetan esperientzia eta kultur elkartearen proiektu kulturalean inplikazioa. Bere aldetik, euskal etxeak ekainaren 1etik uztailaren 31ra bitarteko kontratua eskaintzen du, irailean urte osorako luza daitekeena. Lansaria entitatearen soldata-eskalaren araberakoa izango da. Kurrikulumak lehen bait lehen bidali behar dira, elkartea berehala hasteko pertsona baten bila ari delako. Helbidea hauxe da: barcelona@euskaletxeak.org.


Lotura interesgarriak

Bartzelonako Euskal Etxea
www.euskaletxeak.org

Euskal Etxearen Bloga
Argazkiak eta ekitaldien informazioa bertan

Dokumentala izango da protagonista Zinemaldia'07-n
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 25ean

Leire Bilbao poetak emango dio hasiera EH! Literaldiari
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 20an

Anari, Ken Zazpi eta Iker Goenaga EH Sona! jaialdian
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko urriaren 18an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia