euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2014ko 'Sukaldaritza Gunea' Buenos Airesen martxoaren 15ean, Laurak Bat eta Euskaltzaleak partaide

2014/03/04

Buenos Airesko Kolektibitateen Sukaldaritza Gunea urtero egitan da, martxoan
Buenos Airesko Kolektibitateen Sukaldaritza Gunea urtero egitan da, martxoan

PUBLIZITATEA

Buenos Aireseko Hiriak antolaturik, bere Giza Eskubideetako eta Aniztasun Kulturaleko Azpi-Idazkaritza medio, 'Patio Gastronomico de Colectividades – Kolektibitateen Sukaldaritza Gunea'ren edizio berri bat burutuko da martxoaren 15ean hiriburu argentinarrean. Ekitaldiak hirian bizikide diren kolektibitateen berezitasunak erakustea du helburu, batez ere gastronomiaren esparruan. Euskal gizataldearen kasuan, Laurak Bat eta Euskaltzaleak euskal etxeak izango dira bakoitza stand baten arduradun. Jaia arratsaldeko 4etan hasiko da, Mayo Etorbidean.

Buenos Aires, Argentina. Inauteri gauak oraindik bizirik, gonbite berri bat luzatu dio Buenos Aireseko Udalak bere hiritargo osoari. 'Sukaldaritza Gunea'n jatorri askotako platerak dastatu ahal izango dituzte bisitariek, kolektibitateetako kideek eta jatorrizko errezetak jarraituz egindakoak.

Euskal Herriko komunitate eta sukaldaritzari dagokionez, bi ordezkari izango ditu: Laurak Bat eta Euskaltzaleak erakundeak. Iaz bezala, stand bana izango dute euskal etxeek, bakoitzak bere menua eskaini ahal izateko: Euskaltzaleak-en kasuan, mota askotako pintxoak, eta Laurak Bat-enean, frijituak. Jaialdiaren protagonista janaria izango bada ere, zuzeneko musika, dantzak eta jai giroa ez dira faltako euskal txosnetan.

Buenos Aireseko 'Kolektibitateen Sukaldaritza Gunea' martxoaren 15ean izango da 2014 honetan eta euskal gizataldearentzat, nolabait, berotzeko ariketa bihurtuko dela esan daiteke. Ez dezagun ahaztu bi hilabete barru --maiatzaren 11an hain zuzen-- 'Buenos Aires celebra al País Vasco' (Buenos Airesek Euskal Herria ospatzen du) delako ekimenaren protagonista izango direla Argentinako euskal etxeak, milaka lagun biltzen dituen jaialdian. 

Sukaldaritza Guneak arratsaldeko 4etan irekiko dizkio ateak publikoari eta standak gaueko 11ak arte egongo dira irekita. Elkargunea argentinar hiriburuko Mayo Etorbidea izango da, Bolivar kale juntan. Antolatzaileek jakinarazi digute euria eginez gero, hilaren16an, igandea, burutuko dela.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia