Tokio, Japonia. 'Pandora' Tokioko Cervantes Institutuaren ‘Cervantes Zirkuluko sortzaile berriak’ ekimenaren baitan antolatu da eta azaroaren 29an inauguratu dute, hiriko kazetari, artista, galerietako ordezkari, erakustaile eta arte ikasleak lagun. Inaugurazio ekitaldian, Ayumi bera bateria-jotzaile duen Jakuzure musika taldeak pìeza batzuk jo zituen. Hiru ataletan dago antolatuta: lehenengoa, 'Etxea' izenekoa, kolorezko argazki autobiografikoek osatzen dute, egilearen eguneroko bizitzaren irudiek, Irunen eta Fukuokan hartuak. Antolatzaileen esanetan, “argazki hauetan Ayumik ez ditu Espainia eta Japonia bata bestearen kontra jartzen, aldiz, lotu egiten ditu hurbiltasunez eta adiskidetasunez”; bigarrenak, 'Pre-post' (2018) izenpean, argazki zuri-beltzak aurkezten ditu, “enigmatikoagoak”; hirugarrenak, azkenik, Aguirre Kanakurik fundatzen lagundu zuen 'Shibori 2.8' (2020tik egundaino) taldeari dagozkion eta ‘zine artistikoa’ren lan batzuk biltzen ditu.
Erakusketaren aretoan, gainera, argazkilariak sortutako musika pieza bat entzuten da. “Musika horrek publikoa baitaratu eta erakusketa murgiltze esperientzia bihurtzen du. Erakusketa Pandoraren kutxa moduko bat da: irekitzean, barne unibertso bat askatzen du”, deskribatzen dute antolatzaileek.

'Pandora' erakusketaren inaugurazio ekitaldira bildutako publikoa

Ayumi Aguirre Kanakuri 'Pandora' erakusketan, bere lanez inguratua
Euskal japoniar sustraiak
Ama japoniarra eta aita Gipuzkoako euskaldunak izanik, Irun eta Fukuoka artean hazitakoa da Ayumi Aguirre Kanakuri. 19 urte zituela, Japoniara pasatu zen bizitzera eta bertan bizi izan da geroztik azkeneko hamar urteotan. Eta inguruan euskara praktikatzeko lagunak aurkitzea oso zaila egiten zaion arren, haurra zela Txingudi Ikastolan ikasitakoa oso gogoan daukala, dio.
Tokioko Cervantes Institutuan erakustaldia antolatzeko proposamena lagun baten eskutik iritsi zitzaiola azaldu dio gazteak EuskalKultura.eus-i: “Institutuan erdera irakasten duen lagun batek esan zidan bertako gauza batzuk aldatu nahi zituztela pixka bat, itxura freskoagoa emanez… eta nork egin zezakeen hori nik baino hobeto, euskal japoniarra izanik?”, adierazi digu harro irribarre batez artista euskaldunak.
‘Pandora’ 2026ko urtarrilaren 31era arte egongo da zabalik Tokioko Cervantes Institutuan (2. solairuan), Chiyodan.
- Ayumi Aguirre Kanakuri Instagramen, lorailos
- Tokioko Cervantes Institutua, institutocervantestokio

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


