euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aurten 95. urteurrena ospatzen duen Rosarioko EEk erabaki ditu Euskal Astearen datak: urriaren 1etik 7ra

2007/05/14

Ibarretxe lehendakariaren eta Rosarioko Euskal Etxeko ordezkarien arteko elkarretaratze bat (argazkia, zazpirakbat.com)
Ibarretxe lehendakariaren eta Rosarioko Euskal Etxeko ordezkarien arteko elkarretaratze bat (argazkia, zazpirakbat.com)

PUBLIZITATEA

Rosarioko 'Zazpirak Bat' Euskal Etxe argentinarrak aurten hiri horretan egingo den Euskal Argentinar Aste Nazionalaren jakingarrietako batzuk aurreratu ditu, horien artean hitzorduaren data zehatzak, urriaren 1etik 7ra hain zuzen. Erakunde euskal rosarioarrak Ibarretxe lehendakaria bertan egongo denaren konfidantzan ari dela lanean adierazi du eta, besteak beste, bi erakusketa, erromeriak, folklore erakustaldiak eta datozen aste eta hilabeteotan aletzen joango den beste hainbat ekimen iragarri ditu, Argentinako zein Euskal Herriko euskal taldeak partaide.
Rosarioko 'Zazpirak Bat'ek azaldu duenez, euskal etxea sortu zeneko 95. urteurrena egokiro ospatu nahi zutenez --1912ko uztailaren 14an sortutako erakundea baita Zazpirak Bat-- aurtengo Euskal Aste Nazionalaren antolaketa bertara ekartzea eskatu zioten FEVAri. Hori lorturik, orain Argentina mailako ospakizunaren data adierazi dute, urriaren 1etik 7ra, izan ere Rosario hiriko festekin bat, orduantxe ospatzen baitute bertan aste beteko jai ekimena, Errosarioko Andra Mariaren eguna, bertako zaindaria, urriaren 7a denez.

Baieztatu dute, bestalde, Rosarioko Euskal Etxetik, Euskal Astearekin bat bi erakusketa zabalduko dituztela bertan, 'Euskal aztarna Argentinan' eta 'Eusko irudiak', biak FEVAk Eusko Jaurlaritza lankide antolatuak eta izaera ibiltariz Argentina osoa pasatzen ari direnak. Ibarretxe lehendakaria Rosariora hurbilduko dela ere iragarri dute.

Gonbidatu dituzten musikari eta artistei dagokienez, Argentina osotik bildutako dantza talde eta ordezkaritzez gain, Euskal Herriko bi talderen partaidetzaren berri eman dute, zehaztapen gehiagoren faltan Betagarri ska talde famatua eta euskal instrumentu tradizionalen alorrean mugitzen den Zumarte taldea izan daitezkeela ondoriozta daitekeelarik, biak Eusko Jaurlaritzak eman berri dituen bira kulturalei eskainitako laguntzen artean onuradun gisa azaltzen baitira (ikus hemen).


Lotura interesgarriak

Kaleratu da euskal etxeetako bira kulturalen onuradunen zerrenda
BasqueHeritage.com-en maiatzaren 14an argitara emana

Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxearen webgunea
www.zazpirakbat.com

Raul Bereciartua Zazpirak Bat-eko lehendakari berri hautatua
BasqueHeritage.com-en martxoaren 31ean argitara emana

2006ko Euskal Asteko argazki erreportaia
EuskalKultura.com-en azaroaren 4an argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia