euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Astronomos Vascos’ antzezlanak familia anonimo baten historia aztertzen du antzerki dokumentalaren ikuspuntutik

2016/07/14

'Astronomos Vascos' antzezlanaren afixa
'Astronomos Vascos' antzezlanaren afixa

PUBLIZITATEA

Buenos Airesen ari dira antzezten. Hiriburu argentinarreko Balvanera auzoan, zaborrean aurkitutako argazki eta beste hainbat materialetan dago oinarrituta antzezlana. Irudien eta gutun baten bidez, astronomoek kosmosa behatzeko erabiltzen dituzten printzipio berekin, familia honen jatorria eta historia saiatzen da berregiten Adrian Pascoe zuzendariaren lana. ‘Astronomos Vascos’ ostiralero ikus daiteke El Excéntrico de la 18º izeneko Buenos Airesko antzokian.

Buenos Aires, Argentina. Antzerki dokumentala metodoa oinarri, ‘Astronomos Vascos’ antzezlanean astronomo batek eta bi ikerlarik Buenos Aireseko Balvanera auzoan, zaborrean aurkitutako objektu batzuk ikertzen dituzte, tartean argazki sorta bat. Argazkiak Mar del Platako euskal jatorriko familia bati dagozkio, Europara egindako bidaia bat islatzen dutek. Hortik abiatuta, zein sekretu izkutatzen duen materialak, zein izan zen familia horren historia eta patua, eta oroigarriak zergatik bota zituzten saiatzen dira argitzen.

Adrian Pascoe zuzendariak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “antzezlana ikerketa baten emaitza da. Niretzat balio handia duen materiala da eta aurkitu nuenetik asmoa izan da jakitea zergatik gauza horiek bukatu ziren zaborrontzi batean. Astronomiaren printzipioak eta familia konstelazioak erabili genituen ondorioak ateratzeko”.

Pascoek argitzen du gidoiak familiaren identitatean sakontzea daukala helburu, ez hain zuzen euskal nortasunean. Oso interesgarria iruditzen zaio "zalaparta handirik egin gabe, historiara pasako ez diren sendiak ezagutzea, ziur nagoelako familia guztiek badutela gizakion sekretuak ulertzeko gakoa”.

Irudiek, dena den, "oso lotura estua erakusten dute familiaren euskal jatorriarekin, hango parte izatearekin eta nire ustetan familia euskal-argentinarrak bere jatorriko herria bertopatu zuen bidaian".

Adrian Pascoeren zuzendaritzapean, Edgardo Ibañezek, Karmen Lopez Francok eta Aitor Miguensek osatzen dute antzezlari-zerrenda. “Aktore hauez gain, ‘Astronomos Vascos’ Mexiko, Espainia, Peru eta Argentinako artistek sortutako ‘Las Investigaciones’ izeneko Antzerki Konpainiaren lana da. Nazioarteko taldea gara, eta Buenos Aires hartu dugu lan egiteko lekua. Hemen ‘Mi única fe’ eta ‘El joven elefante’ ere taularatu genituen 2013an eta 2014an hurrenez hurren”, jakinarazi digu mexikarra den zuzendariak.

‘Astronomos Vascos’ hiriburuko El Excéntrico de la 18º izeneko antzokian ikus daiteke ostiraletan, gaueko 9etan, abuztuaren 12ra arte. Sarrerak erosteko, klik hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia