euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeak omenaldia egin die etxeko dantzari eta dantza taldeei

2010/03/03

Itxarkundia, Ugarritzak eta euskal etxeko kideak (argazkia EuskalKultura.com)
Itxarkundia, Ugarritzak eta euskal etxeko kideak (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

160 bat lagunek hartu zuten parte otsailaren 27an Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxean, dantzariei, antzinako eta gaurkoen omenez, egindako jaian. Izan ere, Itxarkundia-k, etxeko lehenengo dantza taldeak, 65 urte bete zituen iaz eta Ugarritzak-ek, aurrekoari segitu zion taldeak, hogei. Hamaika dantzari pasatu dira bi taldeetatik. Batzuk ez daude jadanik gurekin baina hormetan jarritako argazkietatik izan ziren festaren lekuko. Beste batzuk, kasu batzuetan kanpotik etorriak, bertan ziren eta nahiz eta bat baino gehiago 'sasoian' ez egon animatu ziren pistara atera eta dantzatzera. Alaitasuna gailendu zen gau osoan, baina oroitzapenerako momenturik ere egon zen. Hunkigarria izan zen, esaterako, jendearen bihotzetan bizi diren Celestino Etxaniz, Lucio Etxaniz Iturria, Tiburcio Bilbao eta Potxolo Loyolaren izen historikoak aipatu ziren unea.

Arrecifes, Argentina. Gaueko hamaikak aldera eta Mariana Domine aurkezle hasi zen Arrecifesko euskaldunen urteko lehenengo jaia. Aldi honetan, oso helburu berezia zuen festa honek: omenaldia egitea etxeko garai guztietako dantzariei; hori dela eta, Argentinako ereserkia eta Gernikako Arbola abestu ondoren, Aurreskua dantzatu zitzaien dantza taldeetako ordezkariei. Itxarkundia taldearen izenean han zeuden Alberto Etxaniz, Angelica “Cuza” Etxaniz, Nélida Mariezcurrena, Omar eta Susana Apesteguia, Pedro Simonini, Hugo Aldazabal, eta Justo eta Maruca Ferradas. Ugarritzak-en izenean, taldeko bi zuzendariak: Teresa de Zavaleta eta Facundo Araguz. Eta euskal etxearen izenean, lehenengo emakume lehendakaria, Alicia Azarola, eta egungoa Marilin Boveda.

Itxarkundia

"1944. urtean gazte talde batek San Inazio jairako dantza batzuk ikastea erabaki zuen", kontatzen dute Arrecifesko Euskal Etxeko arduradunek. "Horrela, Lucio Etxaniz Iturriaren gidaritzapean, 23 egun jarraian eta etengabe lan egin ondoren, 1944eko uztailaren 31n Itxarkundia-k bere lehenengo pausoak egin zituen Euskadunak Denak Bat Euskal Etxean". Garai hartan Tiburcio Bilbao eta Celestino Etxaniz arduratzen ziren musikaz, eta ez zituzten Euskal Herriko dantzak soilik egiten. Argentinako Pericon, Cuando eta Zambak ere egiten zituzten. Horretaz aparte, antzerki lanak ere egin zituzten eta euskara ikasten hasi ziren, Lucio Etxaniz irakasle. "Itxarkundia dantza talde bat baino gehiago izan zen, Aberriarekiko, zaharrarekiko zein berriarekiko, engaiamendua zen", adierazten dute etxekoek.

Itxarkundia 1944. urtean

 [Itxarkundia taldea 1944. urtean]

Ugarritzak

Baina denboraren poderioz, Itxarkundia taldeko kideak urruntzen hasi ziren dantzetatik. Beste zereginak zituzten eta bizitzaren gainerako alderdiek joan ziren harrapatzen taldeak zuen lekua. Lau urtez biziko zuen euskal etxeak isiltasuna, talde berri bat sortu zen arte. Itxarkundia-k hazia erein zuen eta hazi hartatik 1989. urtean Ugarritzak jaio zen. Teresa de Zavaletaren ardurapean, 25 ume eta nerabe hasi ziren dantzak eta euskara ikasten eta buletin bat egiten. Talde berriaren txistularia Potxolo Loyola izan zen; urtetan Potxolok lagundu zuen taldea jai bakoitzean eta abiatzeko tenorea etorri zitzaionean musikari uzta ere utzi zuen, hiru txistulari trebatu baitzituen. "Ugarritzak taldeko kideak, orain Facundo Araguz zuzendari, gure ordezkariak dira gainerako euskal etxeen aurrean eta euskal jai guztietan", azaltzen dute harro etxeko lagunek. "Aritzen diren bakoitzean laudorioak baino ez dituzte jasotzen. Gaur egun euskal etxeko bihotza dira, gure etxeko indarra eta etorkizuna. Eurak emango diete segida etxeko sortzaileen ideialei'.

Ugarritzak 2007ko euskal astea

[Ugarritzak 2007ko Euskal Astean (argazkia EuskalKultura.com)]

Argazkiak, bideoak eta aspalditik elkar dantzatzen ez zuen jendea

Etxeko aipatu bi taldeon ibilbidea jarrai zitekeen eskegita zeuden argazkietan. Itxarkundia eta Ugarritzak-en historiak laburtzen zituzten bi bideo ere proiektatu ziren. Baina agian jaiaren onena izan zen aspalditik dantza egiten ez zuen jendea berriro pistan eta bizi-bizi ikustea. Adin guztietako dantzariek, batzuk jantzi tipikoekin, kaleko arropez beste batzuk, musikaz, kolorez eta batez ere alaitasunez bete zuten euskal etxeko aretoa. Txistuaren soinua ordu txikiak arte entzun ahal zen Arrecifesko euskaldunen etxean.

Itxarkundia 2010

 [Itxarkundia taldeko dantzari ohiak dantza egiten (argazkia EuskalKultura.com)]

Ugarritzak taldeko neskak

[Ugarritza taldeko neskak (argazkia EuskalKultura.com)]

Ugarritzak taldeko dantzari ohiak

[Ugarritza taldeko mutiko dantzari ohiak (argazkia EuskalKultura.com)]

Lotura interesgarriak

Euskaldunak Denak Bat
www.centrovascoarrecifes.com

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia