euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrecifes-eko euskal komunitateak bere azken agurra luzatu zion Potxolo Loyola bertako txistulari eta maisuari

2007/05/24

Adalberto Pedro Loyola, <i>Potxolo</i>
Adalberto Pedro Loyola, Potxolo

PUBLIZITATEA

Joan den larunbatean egin zitzaizkion elizkizunak. Arrecifes-en (Argentina) sortua, Adalberto Pedro Loyola, Potxolo, oso gazterik sartu zen bertako Euskal Etxean, eta herriko euskaldunen artean instituzio bat izan zen Tiburcio Bilbaorekin --don Tiburcio-- ikasi zuen txistuan. Euskal Herrian jaioa zen hura eta harengandik jasoko zuen berak, gero, bera bezala Argentinan jaiotako gazteei transmititzen jakin zuen txistularitzaren lekukoa eta garra. Urtetan, berak jotako aireak Arrecifes eta inguruko dantzari belaunaldien inspirazio eta babes izan ziren. Amelia Irigoyen-ekin ezkondua --hemendik besarkada bero bat-- ez zuten berez familiarik izan. 'Bertako gazteria, Euskaldunak Denak Bat-eko gazteak izan dira euren seme-alabak, egun bere falta somatzen dutenak'. Halaxe aitortu zuten bere lagunek Arrecifeseko euskal komunitateak larunbatean egindako omenaldian.
Omenaldia eta elizkizuna joan den larunbatean, maiatzaren 19an, egin ziren Arrecifeseko, Buenos Aires probintziako herri honetako Euskaldunak Denak Bat elkarteak eta euskal komunitate osoak deiturik, urtetan bertako euskal bizitzako partaide izan zen Potxolo Loyola txistulari eta maisua gogoratzeko. 'Potxolo' egun batzuk lehenago, maiatzaren 15ean hil zen, 77 urte zituela.

Bere doinuak, luzaroan, Euskal Herriko enbaxadari

'Potxolo' Loyola Arrecifesen jaio zen 1930eko otsailaren 24an. Oso gazterik hasi zen euskal etxearen ekintzetan parte hartzen eta Itxarkundiako --erakundearen dantza talde historikoko-- dantzari izan zen. Bere ekarpenik adierazgarriena txistulari gisa egingo zuen ordea. Ikasteko grina eta dedikazio handiz astia eta beharrak utzitako zirrikitu eta une libreak oro maisu izan zuen don Tiburcio Bilbaorekin eman zituen, Euskal Herrian jaiotako don Tiburcio zapatagin txistulariarekin --izen handia berea Euskaldunak Danak Bat-en historian-- ikasi baitzuen geroago besteei irakatsi eta transmitituko zien txistuarekiko zaletasuna. Urte askotan, euskal musika biziduna bere eskuetatik heldu zen Arrecifesen. [Ezkerreko irudian, Potxolo pieza bat txistuan lantzen, Euskal Herritik bidalitako bideo batetik belarriz atera ondoren (argazkia, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat)]

'Bere txistulari bizitzako boladarik emankor eta esanguratsuenetako bat 1989an hasi zen, bera lanetik erretiratzearekin batera Arrecifesen Ugarritzak dantza talde berria sortu zenean', adierazi dio BasqueHeritage.com-i garai hartan taldeko zuzendari izan zen Teresa
de Zavaletak. 'Geroztik, Potxolok entsaio eta emanaldi bakoitzean lagundu zuen, gazteen ondoan beti, sostengua emanez. Gaitasun berezia zeukan dantza berrien doinuak belarriz ateratzeko. Emaztea, Amelia Irigoyen, lagun zuela, urtero hartzen zuen parte bere txistuarekin Euskal Asteetan, dantzarien igandeko kabalkadan'. [Eskuineko irudian, Argentinako Euskal Aste Nazionaletako bat, Potxolo erdian gainerako euskal etxeetako txistulari eta atabalariekin batera jotzen (argazkia Euskaldunak Denak Bat)]

'Izan zirelako gara,...', lekukoa pasatzen

Potxolo Loyolaren ereintzak fruituak, uzta ekarri du Arrecifesera: pazientziaz hornitutako maisuak sei gazteri irakatsi zien txistuan eta horietako hiru dira gaur egun segida hartu diotenak: Juan Pablo Félix, Juan Ignacio 'Juani' Sáez Abarrategui eta Marianela Rimini Azarola. 'Potxolok ez zuen berezko familiarik izan', azaldu diote buletin honi bere lagunek, baina 'bertako gazteria, Euskaldunak Denak Bat-eko gazteak izan dira euren seme-alabak, egun bere falta somatzen dutenak'. [Ezkerreko irudian, Potxolo bere ikasleetako birekin, egun txistulari izaten segitzen duten diren bere ikasleetako birekin, Juan Pablo Félix eta Juani Sáez Abarrateguirekin, 1996an hartutako argazki batean (argazkia Euskaldunak Denak Bat)]

Arrecifeseko euskal komunitateak doluz eta tristezia handiz hartu du bere bazkidearen heriotzaren berria. 'Euskal Herria eta euskal eskubideak biziki maite zituen. Hil aurreko egunean, Gernikako Arbola, euskal askatasunen ereserkia kantatzen ari ru zen', esan digute. Goian Bego Potxolo, eta besarkada bero eta abegikor bat emazte Amelia eta Arrecifeseko euskal familiako kideei.


Lotura interesgarriak

Agur, aita, Jon Agotegarayren hitzak Potxolo hil zen egunean
EuskalKultura.com-ek 2007ko maiatzaren 15ean argitara emana

Arrecifeseko 'Euskaldunak Denak Bat'ek zuzendaritza berria
BasqueHeritage.com-en 2007ko apirilaren 30ean argitara emana

Eusko Irudiak erakusketa Arrecifesera iritsia
BasqueHeritage.com-en 2007ko apirilaren 23an argitara emana

Euskaldunak Denak Bat-en egoitzak 60 urte bete ditu
BasqueHeritage.com-en 2007ko apirilaren 17an argitara emana

Arrecifes-ek bere euskal etxearen 85. urteurrena ospatu du
EuskalKultura.com-ek 2007ko otsailaren 24an argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia