euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako prentsak Iñaki Urlezaga dantzari euskal argentinarraren arrakasta profesionala azpimarratzen du

2007/09/21

Iñaki Urlezaga dantzaria Balletin Dance aldizkarian (argazkia ASanguinetti)
Iñaki Urlezaga dantzaria Balletin Dance aldizkarian (argazkia ASanguinetti)

PUBLIZITATEA

Iñaki Urlezaga munduan zehar dantza ikuskizunak emateaz gain bere konpainia propioa mantentzen duen ballet dantzari pribilejiatu horietakoa da. Urriaren 19 eta 20ean 'Giselle' lana aurkeztuko du Buenos Aireseko Luna Park-en eta udazkenean bira egingo du Europan zehar (Espainia, Italia eta Turkia). Balletin Dance aldizkari espezializatua euskal argentinar dantzariarekin solastu da, jarraian itzuli eta laburtzen dugun elkarrizketan.
Agustina Llumá kazetariak Iñaki Urlezaga euskal argentinar dantzariari eginiko elkarrizketa dakar gai nagusien artean Balletin Dance aldizkariaren azken aleak. La Platan jaioa, Urlezagaren izena balletaren munduan ezaguna da aspaldion --The New York Times aldizkariak 'dantzaren nazioarteko harribitxi berria' zela esan zuen-- eta Ballet Concierto de Iñaki Urlezaga izeneko konpainiaren buru da. Argentinako zaletuekin izango duen hurrengo hitzordua urriaren 19 eta 20ean izango da, Buenos Aireseko Luna Park-en. 'Giselle' dantzatuko du, Moskuko Bolshoi Antzokiko Natalia Osipova dantzariarekin.

Konpainia pribatua mantentzea zaila bada, ez da gutxiago 'Giselle' bezalako balleta antolatzea, Urlezagak azaltzen duenez: 'jendea, lekua, eszenografia, jantziak, orkestra kontratatzea, sekulako mobida da. Argentinan ez ditu jarraian egiten ballet osoak, baina bai Europan, han gehiago eskatzen dizkidatelako. Aurten 'On Kixote' eta 'Paquita' egin ditugu, gutxi batzutan 'Giselle', eta urte bukaeran 'Intxaur-Kraskailua' egingo dugu'.

Azken hilabeteotan izan duen ekitaldi eta aurkezpen erritmo altuari, makina bat emanaldi gehituko dizkio euskal argentinar dantzariak. Irailean Holandan, urrian Buenos Airesen eta buelta Holandara, eta udazkenean hilabete eta erdiko bira Europan zehar. 'Berriz ere Buenos Airesen bizitzen gelditzea zaila da. Europako antolakuntzarekin, badakit datozen bi urtetan zer egingo dudan Holandan, eta horrela Ballet Conciertorentzat izango dudan denbora planifika dezaket. Holandan hainbeste urte emanda gero, gauza batzuei ezetz esateko aukera dut. Badaude berriz dantzatuko ez nituzkeen lanak eta baita lehenengoz egiteko irrikitan naukaten beste batzuk', azaltzen du Balletin Dance-ri eskainitako elkarrizketan.


Lotura interesgarriak

Elkarrizketa osoa
Balletin Dance

Iñaki Urlezagaren webgunea
www.inakiurlezaga.com

Iñaki Urlezagaren emanaldi arrakastatsua Paranan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005eko uztaialren 11an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia