euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako Pablo Ubierna historialariaren “Xare, erraketa argentinarra” liburua eskuragarri dohainik sarean

2015/09/22

“Xare, erraketa argentinarra” liburuaren azala eta kontrazala
“Xare, erraketa argentinarra” liburuaren azala eta kontrazala

PUBLIZITATEA

'Balda' eta 'del Río' 2016ko Txapelketak bultzatzeko atera berria du Pablo Ubierna historialari eta xare jokalariak “Xare, erraketa argentinarra. Euskal Pilotari buruzko historia bat Rio de la Platan” izenburuko liburua. Bertsio digitala doan jaits daiteke Internetetik eta paperezkoa urtea bukatu baino lehen kaleratuko da. 

Buenos Aires, Argentina. Datorren urtean berriro ere Argentinan jokatuko diren ‘Basilio Balda’ eta ‘Vicente del Río’ txapelketei begira, xareari buruzko bideo eta liburu bat aurkeztu ditu Ameriketan Euskal Pilotaren modalitate honen bultzatzaile nagusietako bat den Pablo Ubiernak.

Bideoak, duela bi urte La Platan eta Buenos Airesen egin ziren Xare Lehiaketen irudiak biltzen ditu zine zuzendari eta Buenos Airesko Laurak bat-eko pilotari den Dieguillo Fernandezek eginik. Gogora dezagun 2013ko urrian izan zirela ‘Basilio Balda’ eta ‘Vicente del Río’ Txapelketak Hego Amerikako eta Europako hainbat kirolari partaide. Bideoa, hemen.

Liburuari dagokionez, xareak Argentinan duen historian sakontzen du eta egileak berak EuskalKultura.com-i azaldu dion legez, “hasieran lehiaketei buruzko liburuxka baino ez zuen izan behar; baina behin hasita, informazio ugari eskuratu nuen; hedatu beharreko informazioa gainera, esate baterako, xarea Mendeurreneko Joko Olinpikoetan egon zela”, jakinarazi digu Ubiernak.

Lortutako informazioa –tartean Ricardo Frigeriok (†2013) eta Juan Labatek (†2002) bildutako datuak, Baionako Euskal Museoak eskainitako argazkiak eta Jakes Saldubehereren artikuluak, iturrietako batzuk aipatzeagatik– baliagarria izan zen oso Pablo Ubiernarentzat, El Xare. La raqueta argentina. Una historia de la Pelota Vasca en el Río de La Plata (Xare, erraketa argentinarra. Euskal Pilotari buruzko historia bat Rio de la Platan) izenburuko liburua osatzeko “beti ere kirol hau maite duen xare jokalari baten ikuspuntutik idatzita. Helburua da, jakina, gero eta jende gehiagok xarea ezagut eta joka dezan” adierazi digu Unicet-eko ikertzaileak.

Liburua, bertsio digitalean, eskutu daiteke dagoeneko Interneten, eta musutruk jaitsi, hemendik. Paperezko bertsioa, berrriz, urte amaieran kaleratuko da. Informazio gehiago eskuratzeko, Argentinako Xare taldeen arduradunekin kontakta daiteke Copa del Río Balda Facebook kontuan. Bertan, datorren urteko txapelketei buruzko informazio berria ere argitaratuko da, datak eta lekuak konfirmatu ahala. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia