euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako banderaren omenaldiko partaide izan da eta urteko ekintzak abiatu ditu Azul-go Gure Txokoa EEak

2012/03/20

Margarita Galarza Azulgo Gure Txokoa euskal etxeko banderaduna ikurrinarekin Argentinako banderaren Bigarren Mendeurreneko ospakizunetan (argazkia EE)
Margarita Galarza Azulgo Gure Txokoa euskal etxeko banderaduna ikurrinarekin Argentinako banderaren Bigarren Mendeurreneko ospakizunetan (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Argentinar banderaren sorreraren bigarren mendeurrenean hamaika ekitaldi gauzatu dira karia horretara herrialde osoan zehar. Buenos Aires probintziako Azul herrian, Udalak antolaturik, Udal Parkean burutu zen ospakizun ofiziala, Jose Inza alkatea buru eta herriko beste hainbat agintari eta kanpoko kolektibitate eta kultur elkarteetako ordezkariak lagun. Ikurrina zeremoniako partaide izan zen, Gure Txokoa-ko kideen eskutik. Ikasturte hasiera honetan, Azulgo euskaldunak hasiak dira euskal etxean lagun arteko afariekin eta hurrengoa, izan ere, datorren ostiralerako iragarri dute. Erakundeak eskaintzen dituen ikastaroei dagokienez, euskara klaseak martxoaren azken astean hasiko dira instituzioko egoitzan.

Azul, Argentina. Duela berrehun urte Manuel Belgranok lehenengoz altxatutako bandera zuri-urdin argia mota askotako omenaldien protagonista izan zen otsailaren 27an, izan ere data horretan ofizialki eta Argentina osoan ikur nazional honen Bigarren Mendeurrena ospatu zen jai jendetsuekin. Baita Buenos Aires probintziako Azul herrian ere, bertan Udal Parkera bildu zirelarik herritarrak zeremonia gauzatzeko.

Ekitaldian, Jose Inza alkateak eta Alejandro Lozano Kontseilu Erabakitzaileko lehendakariak igo zuten bandera eta ondoren Argentinako ereserkia abestu zen. Segidan, Juan Sarasola katedraleko apaizak otoitz bat eskaini zuen eta errezoa bukatuta alkateak hitz batzuk zuzendu zizkien bildutako lagunei. Kanpoko gizataldeen banderak ere partaide izan ziren zeremonian, tartean ikurrina, Azulgo Gure Txokoa euskal etxeko kideek eramanik.

Topaketak eta ikastaroak

Ikasturte hasiera honetan, Gure Txokoak urtean zehar egin ohi dituen lagun arteko afariei ere ekin zien. Bazkideei eta lagunei zabalik den proposamena da. Urteko lehenengoa, otsailaren 24a, egin zen, eta euskal etxetik dioskutenez, "Zuzendaritza Batzordeko emakumeek prestatu zuten gero bildu ziren jendeekin partekatu zuten menua". Hurrengo afaria, martxoaren 23rako, datorren ostiral honetarako iragarri dute.

Komunitateari begira, euskal etxeak tailer eskaintza polita luzatzen die interesatuei. Alde batetik eskulan eskolak emango dira Gure Txokoan. Bestalde, kantu, dantza eta euskara klaseetan parte hartzeko izena emateko epea irekita dago. Euskara eskolak martxoaren 30ean hasiko dira bertoko Elisabeth Etchegaray eta Cynthia Uberuaga irakasleen ardurapean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia