euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentina osoko hamaika gazte bildu zen Cañuelasera Aberri Eguneko jaira, musa, pilota, musika, dantza eta topaketa osagai

2026/04/20

Oholtzan, Aberri Eguna eta 18. Dantzari Topaketan partaide izandako euskal elkarteetako ordezkariak, Cañuelasko Denak Bat Euskal Etxeko lehendakari María José Oyharzabalekin
Oholtzan, Aberri Eguna eta 18. Dantzari Topaketan partaide izandako euskal elkarteetako ordezkariak, Cañuelasko Denak Bat Euskal Etxeko lehendakari María José Oyharzabalekin

PUBLIZITATEA

Cañuelas, Argentina. Argentina osoko 13 euskal etxe partaide, Aberri Eguna eta 18. Dantzari Topaketa ospatu zituzten joan den larunbatean, apirilaren 11an, Cañuelasen. Goizean goiz ekin zioten programari Juan Pablo II.a Ateneoan, 20 bikotek jokatu zuten Mus Txapelketa Azkarrarekin. Denak Bat euskal elkartearen egoitzan herrialde osotik etorritako delegazioek bazkaldu bitartean soilik gelditu zuten jokoa. Cañuelastarren pozerako, bertako bikoteak, Mario Oliva eta Kevin Kearney-k, jantzi zuen 2026ko Aberri Eguna Mus Txapelketako txapela.

Kirola eta musika izan ziren arratsaldeko protagonista. Cañuelas Klubean pilota erakustaldia jokatu zen. Bertan Iparraldeko Euskal Etxeko Alejo Carbone eta Juan Francisco Pitonek osatutako bikoteak Cañuelasko ordezkariak izan zituen aurkari, Jose Luis Lopez eta Matias Casey (Club Cañuelas eta Denak Bat). Garaipena etxean geratu zen. Ondoren, Nuestra Señora del Carmen elizara aldatu zen giroa San Nicolaseko Euzkal Etxeko, La Platako Euzko Etxeko eta bertako Denak Bat Euskal Etxeko koruek kontzertu dinamiko eta txalotua eskaini baitzuten.

 
Mus Txapelketa, Agurra. Pilotariak Raul Berruetarekin (Club Cañuelas). Aitor Esteban bertaratutakoak agurtzen

 
Denak Bat Korala, La Platako Korala, San Nikolaseko Errekatarrak Abesbatza, Txaranga eta Kalejira

Eguzkia sartu ahala, Euskal Etxearen aurreko Carmen kalea gastronomia eta artisautza lekuen pasealekua bilakatu zen. Etxeko sukaldariek pintxo eta plater gustagarriak prestatu zituzten, urtero partaide den Txapela sagardoak lagun. Kalejira antolatzen zen bitartean, zaila izan zen artisau-azokako oroigarriren bati muzin egitea: Zirimiriren zeramikak, Haritzaren jantzi margotuak, Colibríren oihalak, La Sortijaren abarketak eta Beltzaren diseinuak ikusgai eta salgai egon ziren.

Plaza San Martinen, Donostiako Danborradaren doinuek dantzarien saioari bidea zabaldu zioten. Agertoki gainean ibili ziren La Platako Euzko Etxea, Maipuko Anaitasuna, Chacabucoko Guillermo Larregui, Chascomuseko Zingirako Euskaldunak, Buenos Airesko Laurak Bat eta Mar del Platako Denak Bat euskal etxeetako dantzariak, Cañuelasko Denak Bat-eko ertain eta nagusiekin batera. Euskal Etxera itzulitakoan, Daniel "Jopo" Galfredok girotutako erromeria tradizionalak eman zion amaiera gauari.

 
Zirimiri zeramika, Txapela Sagardoa, pintxoak eta La Sortijako abarketak

 
Beltzaren diseinuak, Colibrí ehunak, Haritza eskuz margotu jantziak eta, erromerian, Carlos Miguelena bertaratutakoak agurtzen

 
San Martin Plazako 18. Dantzari Topaketaren laburpen bideo erreportajea

Babes instituzional zabala izan zuen jaialdiak. Nabarmentzekoa da Carlos Miguelena FEVAko presidente berriaren lehen irteera ofiziala izan zela. Euskaditik, EAJ-PNVren ordezkaritza bat bertaratu zen: Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarreko presidentea, Miren Martiarena eta Danel Alberdi partaide. Eta euskal etxeetan, Bahía Blanca, Macachín, Ayacucho, Pergamino, Saladillo, San Nicolás, General Belgrano, Chivilcoy, Buenos Airesko Euskaltzaleak eta Iparraldeko Euskal Etxeetako kideak ere aritu ziren.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia