euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Antzar Egunetik... Antzar Gauera, Caracaseko Eusko Etxeak sanantolinak ospatu zituen Venezuelan

2008/09/25

Eusko Etxeko gaztetxoak gogor saiatu ziren antzarrekin (argazkiak P.Arriaga)
Eusko Etxeko gaztetxoak gogor saiatu ziren antzarrekin (argazkiak P.Arriaga)

PUBLIZITATEA

Aurten ere Caracaseko Eusko Etxeak San Antolin eguna lekeitiar era peto-petoan ospatzeko hitzordua bete zuen. 2006ean hasi zuten Antzar Eguna ospatzeko ohitura eta elkarteko kideek oso gogokoa omen dute jai hau. Berdin dio Caracas itsatsotik 25 kilometrotara egotea eta euskal etxetik gertu portu edo batel arrastorik ez egotea... elkarteko igerlekua eta trapuz eginiko 'antzarrak' nahikoak dituzte jai galanta antolatzeko. Neska-mutil talde handia bildu zen ekitaldira eta arratsaldean hasi eta gaueko ordu txikiak arte ibili ziren, antzarrak harrapatu nahian, jo ta su.

Caracas, Venezuela. Caracaseko Eusko Etxeak joan den irailaren 20an ospatu zuen San Antolin eguna, Lekeition egiten duten erara: Antzar Eguna antolatuz. Bizkaiko kostaldeko herrian irailaren 5ean ospatzen da Antzar Eguna, San Antolin jaien barruan. Egun horretan herriko gazteek,  portuko alde batetik bestera jartzen den soka batetik eskegita dagoen antzar bati helduta, nork gehiago eusteko lehian ibiltzen dira. Talde bakoitza batel batean sartzen da uretara, bertatik lehiakideak antzarrari heldu eta ahal bezainbeste aupada aguantatu behar ditu. 

Caracaseko euskaldunek ez dute porturik, ezta batelik ere, baina eurek ere Antzar Eguna antolatu zuten, Eusko Etxeko igerlekuaren inguruan eta trapuz eginiko 'antzar' batzuekin. Jaiari hasiera emateko sardina eta marmitako bazkaria prestatu zuten Amaya Arriaga, Josune Zubizarreta, Gaizka Urcelai, Unai Azpiritxaga, Clever Ramirez, Anton Arriaga eta elkarteko beste kide batzuek.

Euskal Etxea Caracas Antzar Eguna 08 2

[Amaya Arriaga eta Unai Azpiritxaga 2008ko Antzar Eguneko sardinak eta marmitakoa prestatzen]

Jaia eguerdian hasi zen, baina euskal etxeko kide Pedro Arriagak EuskalKultura.com-i agertu dionez, gauean piztu zen benetako giroa, arratsaldean zehar bertaratu ziren gazteei esker. Gizon eta emakume, neska eta mutil, denak saiatu ziren antzarra helduta ahalik eta gehien irauten. Sokari tiratzeko bolondres ugari ere egon ziren.

Euskal Etxea Caracas Antzar Eguna 08 3

[Partehartzaileak aupatzeko sokari tiraka]

Ilundu zuenean jaia bukatu ordez are gehiago animatu zen, gazteek uretan sartzen ausartzen ez ziren kideak zuzenean uretara bota baitzituzten, barre eta algara artean. Orotara giro polita izan zen euskal etxean eta ziurrenik datorren urteko Antzar Eguna noiz helduko zain izango dira gazte horietako asko.

Euskal Etxea Caracas Antzar Eguna 08 4

[Gazteak sokari tiraka gaueko parrandan]

Euskal Etxea Caracas Antzar Eguna 08 5
[Denak uretara!]

Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, jo Caracaseko Euskal Etxearen blogera: hona.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia